"Taldea". Hori da Matxalen Bilbaok zuzendutako Fugas kale ikuskizunak jorratzen duen kontzeptua. Aztertzen ditu taldeen eta norbanakoen arteko harremanak: adostasunak eta desadostasunak, bateratzeak eta urruntzeak. Chopin eta Bach konpositoreen musikaz lagunduta, figura eta konposizio eskultorikoak egiten dituzte dantzariek. Hori izan da Lasarte-Oriako XV. Dantza Zirkuitoa ireki duen lana, ostegun arratsaldean, Okendo plazan. Ikus-entzuleek gustuko duten obra da. Horren adierazgarri, berriki jaso dituen sariak: dantza pieza onenaren saria jaso zuen Santanderreko Danza Inunda festibalean, iaz.
Ertza Dantzaren Meeting point ikuskizunak pertsonen arteko harremanei buruz hausnartzen du: elkar ikusteko guneez, eta horietara iristeko zeharkatu behar diren putzuez. Bi mutil dira protagonista. Herrialde berean bizi dira, baina bakoitza punta batean, elkarrengandik 8.000 kilometrora. Hainbat urteren ostean, topo egiten dute, eta bien arteko harremana hasten da. Koreografien bidez adierazten dituzte dantzariek sentitzen dutena.
Udako zinema zikloa ere atzo gauean hasi zen. Ready player one filma ikusi zuten herritarrek Okendon. Gaur arratsaldean, antzerkiaren txanda: Al otro lado lana eskainiko du Zanguango konpainiak, 19:00etatik aurrera, Okendon bertan.