Dokumentuaren akzioak
Frantziako Retouramontek zabalduko du gaur Dantzaldia
Quebeceko Daniel Leveille, BJM_Danse eta Flak-Jose Navas eta Suitzako Linga ariko dira Bilboko jaialdian
Dantza garaikidearen Bilboko jaialdiak berritasun ugari dakartza aurten. Euskalduna jauregian ez ezik, Guggenheimen erakutsiko ditu obrak, gaurtik abenduaren 13ra, Fundicion aretoak antolatuta. Gainera, sektoreko profesionalek Bilbora etorriko diren koreografoekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, konpainiek emango dituzten eskolen bidez. Emanaldiak hasi aurretik, halaber, hainbat sortzailek dantzaren inguruan eginiko bideoak jarriko dituzte, Euskaldunaren atarian.
Dantzaldiak nazioarteko izaerari eutsiko dio, eta herri askotako koreografoak ekarriko ditu Bilbora. Suitzako Linga konpainiak, esaterako, pertsonen aldarteak eta harremanak lantzen dituen obra bat erakutsiko du hilaren 15ean: La Kitchen. Daniel Leveillek La pudeur des icebergs ekarriko du Bilbora azaroaren 11n, nia-ren inguruko gogoeta. Bestea-ren aurrean nia hauskorra dela oso uste du koreografo quebectarrak. Quebecetik iritsiko da, halaber, BJM_Danse konpainia, abenduaren 2an. Owen Beltonen partiturak abiaburu dituen lan bat erakutsiko du: The Stolen Show (Xpectacle).
Flak-Jose Navasen emanaldiarekin bukatuko da Dantzaldia, abenduaren 13an. Quebeceko taldeak Guggenheimeko auditoriumean emango du obra, Portable dances, hiru ataleko koreografia minimalista. Lau dantzari ariko dira oholtzan: Lindsey Parker, Mira Peck, Magali Stoll eta Jose Navas bera.
Dokumentuaren akzioak