Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Frantziako eta Turkiako dantza taldeak hartuko ditu 37. Nazioarteko Folklore Jaialdiak

Dokumentuaren akzioak

Frantziako eta Turkiako dantza taldeak hartuko ditu 37. Nazioarteko Folklore Jaialdiak

Aunis & Santonge frantziar taldea eta Club Zeybek Yaren talde turkiarra izango dira zapatuan [abuztuak 9] Bermeoko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 37. aldian. Nazioarteko dantza taldeak Mundakako jaialdian 30. urteurrenean eta Busturiako Itsasoko Ama Birjinaren jaietan ere izango dira.
Egilea
Zaloa Iturbe San Jose
Komunikabidea
Hitza Busturialdea
Tokia
Bermeo,Busturia,Mundaka
Mota
Albistea
Data
2025/08/06
Lotura
Hitza Busturialdea

Bermeoko ohiturak munduari zabaldu eta euskal folkloretik aparteko herrialdeetako folklorea ezagutu eta ezagutarazteko asmoz, 1986an ekin zion Alkartasuna Dantza Taldeak Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatzeari. Geroztik, urtero-urtero beste herrialdeetako taldeekin hartu-emanak izateko aukera eskaintzen die jaialdiak dantza taldekoei. Aurten Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 37. aldia ospatuko dute, eta zapaturako [abuztuak 9] jarri dute hitzordua 20:30ean, Lameran

Alkartasuna Dantza Taldetik jaialdia Artzatik kalera aterako dutela nabarmendu gura izan dute: “Aspalditik gura ekitaldi guztiak kalera eramaten ideiari bueltaka aritu gara; lehen beti egiten genituen frontoian, baina uste dugu dantzak beti kalean egin izan direla, eta guk ere kalera atera behar ditugula”. Aurten umeen ekitaldia da  frontoian egin duten bakarra, eta datorren urtean “emanaldi guztiak” kalean egingo dituztela aurreratu dute. 

Dantza taldeak Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta zenbait enpresaren laguntzaz antolatzen duen jaialdiak Turkia eta Frantziatik iritsitako taldeak hartuko ditu aurten. Estambuleko Club Zeybek Yaren “talde gaztea” da, Murat Emrah Yamanli Turkiako Dantza Folklorikoko Federazioko Epaile Nazionalaren zuzendaritzapean 2018an sortutakoa. Alkartasuna Dantza Taldekoek adierazitakoaren arabera, “talde folkloriko bat baino gehiago da”: “Klub handia da, ia 400 bazkide dituzte eta denetarik egiten dute, tartean, dantzak eta kantak”. Taldea “jende gazteak” osatzen du gehien bat, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, egiten dutena “nahiko ikusgarria” da. 

Bestetik, Grupo Folkloriko Aunis & Saintonge talde frantziarra ere Bermeon izango da. Saintestik iritsiko den taldea 1931n sortu zen eta “beraien inguruko dantzak eta folklorea” erakusten dituen emanaldiak eskaintzen dituzte. Duela aste batzuk Alkartasuna Dantza Taldekoek parte hartu zuten beraien jaialdian, eta “harrera oso ona” izan zuten. 

Bi herrialdeetako dantzariez gain, Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak ere bertan izango dira, eta urreratzen diren bermeotarrek herriko dantzien eskutik euskal dantza tradizionalekin gozatu ahal izango dute. Hartara, bertaratzeko gonbitea luzatu diete herritarrei. 

Antolatzaileek jaialdia aurrera eramatea ahalbidetzen duten laguntzaileei eskerrak eman nahi izan dizkie, bereziki, udalari: “Eskerrik asko batez ere Bermeoko Udalari, urtero urtero gure ondoan daudelako, eta guzti hau beste modu batera aurrera eramatea ezinezkoa litzateke”. Era berean, egunotan nazioarteko taldeak hartuko dituen Eleizalde Ikastolari ere eskerrak eman dizkie. 

Mundaka eta Busturia. Nazioarteko taldeak eskualdera emanaldi bakarra eskaintzera etorri ez daitezen, eta aldi berean herrialde horietako folklorea gehiago zabal dadin laguntzeko, Alkartasuna Dantza Taldeak jaialdiak antolatzeko bidea zabaldu zien inguruko herriei ere. Hala, aurten, Egunsentia Dantza Taldeak Mundakako Udalagaz batera antolatutatuko Mundakako Nazioarteko Folklore Jaialdiak bere 30. aldia ospatuko du, Bermeon izango diren talde berdinekin. Urtemuga “berezia” da antolatzaileentzat, eta gerriko plazan jarri dute hitzordua, barikuan [abuztuak 8], 20:00etan, eta herritarrei zeiningurukoei urteroko ekitaldiaz gozatzera hurbiltzeko deia egin die.

Busturian, berriz, Altamirako Itsasoko Ama Birjinaren jaia baliatuko dute domekan [abuztuak 10], 19:00etan. Hala, Aunis & Santonge eta Club Zeybek Yaren dantza taldeeek Bermeotik Busturirako bidea hartuko dute. 

Dokumentuaren akzioak