Dokumentuaren akzioak
Forua mende erdiz dantzan jarri nahian
Busturialdean dantzarako zaletasuna dagoela argi dagoen zerbait da. Dantza talde desberdinak eskualdeko hainbat udalerritan sakabanaturik daude. Batzuk zaharragoak, besteak gazteagoak, baina txiki zein nagusien artean dantzaren zaletasuna eta tradizioa zabaldu eta bizirik mantentzeko ezinbestekoak izan dira.
Horren adibidea da 1969an Foruan sortu zen Urdaibai Dantza Taldea. Dagoeneko 50 urte bete dituen dantzarien talde beteranoa azken mende erdian etengabe aritu da foruarren artean dantza sustatzen.
Jabier Irazabal izan zen, Gernika-Lumoko Elai-Alai dantza taldean hainbat urtez aritu ostean, bere herrian euskal folklorea berpizteaz arduratu zena. “Foruko gazteen artean dantzarako zaletasuna zegoen, eta ikasteko gogoa zeukaten”, dio Irabazalek.
Herriko zortzi gazte, lau mutil eta lau neska batu zituen 1969 bukaeran, eta haiekin batera aurreskua, fandangoa, arin-arina eta bestelako dantzak lantzen hasi zen. Taldeak izen bat behar zuen, noski.
Udalerriko elementu garrantzitsuena zein zen pentsatzen aritu ostean, Castillo de Perejil ezizenagaz ezagutzen den eraikina (Urdaibai Dorretxea) zela erabaki zuten.
Busturiko San Kristobal jaietan egin zuten lehen agerraldia Urdaibai Dantza Taldeko ikasleek, ilusio handiz.
Lehen agerraldia. Lehenengo agerraldi hura umore handiz gogoratzen dute taldekoek. Gaur egun taldean jarraitzen duen Jesus Irazabalek istripu bat izan, eta hainbat entsegutan prestatutako ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuten. Halere, jaietaz gozatzera joan zen jendea dantza solte batzuekin alaitzea lortu zuten.
Eskualdeko jaietan dantzatzen jarraitu zuten, eta ez zuten hutsik egiten Errigoiti, Nabarniz edo Arratzu bezalako herrietan. Hasieran, “hamaiketakoekin” eskertzen zieten jaiak alaitzea, baina denbora pasatzen zihoala gehiago behar zutela argi utzi zuten.
Hala ere, taldearen lehen agerpen formala 1971ko uztailean egin zela gogoan daukate taldekoek. Arrasateko umeen jaialdi batean egin zuten. Horrela eman zuten taldea formalki osatzeko lehen pausoa.
Busturian egindako lehen agerraldi hartatik hona, gelditu gabe ibili dira Foruko dantzariak. Taldea bera handituz joan da, eta zortzi gazte haietatik 60 pertsona inguru izatera iritsi dira, 50 urteren ondoren Foruak herri dantzaria izaten jarraitzen duela argi utzita.
Dantza baino gehiago. Dantzekin batera, beste zenbait proiektutan parte hartu du taldeak. Esate baterako, antzinako aurreskuak, erregela bezala ezagutzen direnak berreskuratzeko lana hartu zuten. Horretarako, ezagutzen zituzten apurrak batzen hasi, eta eskualdeko adineko dantzarien laguntzagaz batera berpiztea lortu zuten.
Gaur egun, duela mende erdi bezain gogotsu jarraitzen dute dantzan. Taldeko ikasleak irakasle bilakatzen dira askotan urteak pasatuz doazela, eraberrituz, baina beti bere horretan mantenduz.
Barikuro herriko kultur etxean batzen dira entseguak egiteko, eta aurrerantzean ere horrela jarraitzeko asmoa daukate. “Ez da erraza”, diote arduradunek; gogor lan egiten dute taldea bizirik mantentzeko.
50. urteurrena ospatzeko dantzan jarraituko dute Urdaibaikoek. Urte osorako egitarau zabala prestatu dute, eta dagoeneko hasi dira han eta hemen ekitaldi bereziak egiten.
Ekitaldi nagusia, nola ez, uztailean egingo dute, herriko jaien bezperan. Egun berezi horretan, taldetik pasatu diren guztiak elkartzeko helburua daukate, mende erdi luze batez parte hartu duten dantzari guztiak omentzeko.
Dokumentuaren akzioak