Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Folklorearen loratzea Iruñerrian

Dokumentuaren akzioak

Folklorearen loratzea Iruñerrian

Iruñea-Uharte. Amaiur dantza taldeak Sardinia eta Donostiako taldeak gonbidatu ditu Folk Lore jaialdira

Udaberriarekin batera ugaritu egin ohi dira kaleko animazio eta jarduerak. Iruñerrian Folk Lore jaialdia izaten da horren adierazle. Urtero bezala, Amaiur dantza taldeak folklore jardunaldia antolatuko du astebururako: larunbaterako Iruñean eta iganderako Uharten. Gonbidatu nagusiak Sardiniako Mamutzones di Samugheo eta Donostiako Goizaldi taldeak izanen dira.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2014/04/10
Lotura
Berria

Larunbata izanen da Folk Lore jaialdiaren egun nagusia. Goizean, Gipuzkoa eta Nafarroako 11 taldetako 350 dantzari txiki aterako dira Iruñeko kaleetara. Kalejiraren ondoren, eguerdian emanaldia eskainiko dute Burgoen plazan. Arratsaldean, Goizaldi eta Mamutzones di Samugheo taldeak ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan barna. Oberena, Ortzadar eta Muthiko Alaiak fanfarrea eta joaldunak ere izanen dira haiekin batera. Ekitaldi berezia iluntzean izanen da: Burgoen plazako dantza jaialdia. Gonbidatuekin batera dantzatuko dute antolatzaileek.

Azken urteetan egin bezala, aurten Folk Lore jaialdia bi egunez eginen da. Igandean Uharten dantzatuko dute Donostia eta Sardiniako taldeek. Gainera, Bizkarreta-Gerendiain, Eugi eta Uharteko hainbat taldek parte hartuko dute bigarren egunean. Eguerdian eskainiko dute dantza ikuskizuna herriko plazan.

Trukerako eremu

Amaiur dantza taldeko Maialen Irigoienek esan duenez, Folk Lore jaialdia ez da dantza erakusketa hutsa. «Txikiak ez zirelako asko ateratzen hasi ginen, eta beste taldeekin harremanak eta trukeak egiteko asmoz», azaldu du. Hala, dantzari txikien taldeak urtero bertsuak izaten dira, eta bisita itzultzen diete.

Nagusien taldeei dagokienez, beste talde batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen die jaialdiak. «Kataluniako eta Iparraldeko talde birekin harreman ona dugu, eta urte askotan etorri dira». Beste talde batzuk behin baino ez dira etortzen.

Aurten Sardinia eta Belgikako taldeak ekartzekotan ziren, baina arazoak izan dituzte. Amaiur Sardinian egon zen udan, baina hango taldea ezin izan da etorri. Haren ordez Sardiniako beste talde bat etorriko da: Mamutzones di Samugheo. Belgikako taldeak, berriz, istripua izan du lokalean, eta ez dira etorriko. Hala ere, eguna aurrera ateratzeko ez dute arazorik izanen.

FOLK LORE JAIALDIA

Non. Iruñean eta Uharten (Nafarroa).

Noiz. Larunbatean eta igandean.

Aragoiko Xinglar taldea iazko Folk Lore jaialdian, arratsaldeko kalejiran Iruñeko kaleetan dantzatzen. / AMAIUR

Dokumentuaren akzioak