Uztailaren 22tik 24ra, dantzaz eta musikaz gozatzeko aukera egongo da Getxoko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren hogeita hamazazpigarren edizioarekin. Oraingoan, euskal dantzak, georgiar tradizioa eta New Orleanseko kolorea eta nazioartekotasuna bilduko dira agertokian Itxartu, TSU Flying Georgians eta Komenka taldeen eskutik.
Hala, Itxartu Dantza Taldea uztailaren 22an arituko da; Tsu Flying Georgians (Georgia) taldeak 23an egingo du bere ikusgarria; eta azkenik, igandean, hilak 24, New Orleans hiritik datorren Komenka taldearen txanda izango da.
Beste aldetik, handik hurbil, Sopelan, Folklore Bizian jaialdiaren barruan, dantzaz gozatzeko aukera galanta ere egongo da. Hala, bihar, uztailak 22, 20:00etan, eta bertako Urgitxieta plazan, dantza ekitaldia antolatu da, Argentinako Gran Ballet Argentino, Sri Lankako Sama, eta Galdakaoko Andra Mari Dantza taldeen partehartzearekin.