Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka FEVAren 2011ko egitarauari jarraituz, dantzariei zuzendutako 2. tailerra egin da Argentinako Villa Maria-n

Dokumentuaren akzioak

FEVAren 2011ko egitarauari jarraituz, dantzariei zuzendutako 2. tailerra egin da Argentinako Villa Maria-n

Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
Villa Maria, Argentina
Mota
Albistea
Data
2011/07/14
Lotura
Euskalkultura.com

Argentinara migratu zuten euskaldunek ezin izan zuten normalean beraiekin gauza handirik ekarri, ez haltzari edo gisa horretakorik. Hala ere, bihotzaren barnean euskarak berak eta euskal dantzek lekutxo bat aurkitu zuten Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta herrialde berrian errotzeko. Argentinako herri askotako euskal etxeetan hazten doa euskararen oihartzuna eta ikus ditzakegu gaur egun euskal dantza taldeak eta jaietan haien ikuskizunez goza.

Izan ere, dantzariek buru belarri egiten dute lan urte osoan kalitate handiko piezak eskaini ahal izateko eta FEVAk lagundu egiten ditu gazteak formakuntza areagotzeko Dantza Tailerren bitartez. Aurtengo lehenengo tailerra Tandilen, Buenos Aires probintzian, burutu zen maiatzean, eta programarekin jarraitzeko, Villa Mariako Euzko Etxean, Cordoba probintzian, egin da bigarrena joan den uztailaren 2 eta 3an.

FEVAko II dantza tailerra 2011 01

[Villa Marian egindako tailerrean irakasleak eskolak ematen (argazkia EE)]

Ordezkaritzak larunbat goizean heldu ziren Euzko Etxea-ra eta gosaldu bezain pronto ekin zioten lanari. Arrecifes, Cordoba, Macachin, Mendoza, Rio Cuarto, Rosario eta Villa Mercedes-eko hamabost neska-mutiko eta Villa Mariako bertako hogeita bost txiki eta gaztek hartu zuten parte ekitaldian. Irakasleek, Bahia Blancako Josetxu Astolfi, Manuel Irastorza eta Lorenzo Bucci izan ziren eta klase teoriko eta praktikoak eskaini zituzten. Alde batetik, Euskal Herriko herrialde bakoitzeko dantzei buruzko xehetasunak azaldu zituzten, eta bestetik koreografiak nola egin ere erakutsi zuten.

Iluntzean, berriz, dantzariek Euskal Herriko kulturari buruzko hitzaldi bat entzuteko aukera izan zuten. FEVAko hizlari den Cesar Arrondoren eskutik, euskaldunen historian murgildu ziren. “Euskal etxeetako kideak euskal kulturaren enbaxadoreak dira eta horri dagokion arduraz jokatu behar dute”, azpimarratu zuen La Platako Unibertsitateko irakasleak.

FEVAko II dantza tailerra 2011 02

[FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterra (erdian txapela buruan) Villa Mariara hurreratu zen eta hitz batzuk zuzendu zizkien dantzariei (argazkia EE)]

Larunbatean afaria eskaini zieten euskal etxeko kideek gonbidatuei eta igande goizean ikastaroarekin jarraitu zuten. Azken klaseetan, gaur egungo dantzaz eta dantza tradizionalei buruzko hainbat ikuspuntu plazaratu eta mahaigaineratu zituzten ikasle eta irakasleek . “Ekintzaren balantzea oso ona izan da. Parte hartutako gazteak nahiz euskal etxeko kideak oso gustura geratu gara”, adierazi diote Villa Mariako Euzko Etxea-tik EuskalKultura.com-i.

FEVAren 2011ko egitarauari jarraituz, dantzariei zuzendutako 2. tailerra egin da Argentinako Villa Maria-n

Villa Mariako Dantza Tailerrean parte hartu duten neska eta mutilak (argazkia EE)

Dokumentuaren akzioak