Dokumentuaren akzioak
Festa giroan murgilduko da Oikia
Bihar hasi eta datorren larunbata bitartean sanbartolomeak ospatuko dituzte oikiarrek. Bi urtean behin egiten duten bezala, herriko gazteek oilasko bilketa egingo dute jaien lehen egunean
Bi urtean behin egiten dute bertako mutilek bilketa hau eta aspalditik datorren ohitura bati jarraipena ematen diote belaunaldi berrietako gazteek. Goizeko lehen orduetatik, mutil talde bat baserriz baserri ibiltzen da. Garai batean, gaur egungo gazteen aitona-amonak gazteak zirenean, festan erabiliko ziren oilaskoen bila joaten ziren herriko mutilak. Baserriaren atarian dantza egiten zuten, eta ordainetan hegaztiak jasotzen zituzten. Makina bat urte pasa badira ere, oraingo gazteak ere usadio hori mantentzen saiatzen dira.
1930era bueltan
Azken urte hauetan sustatu eta indartu den ohitura dute oikiarrek: herria eta herritar beraiek festetako egun batean mozorrotzea. Aurtengoan mozorro festarako aitzakia ezin hobea dute: 80 urte bete dira Oikiako traineruak Zarauzko estropada irabazi zuela. 80. urteurren hori ospatzeko, datorren larunbatean, hilaren 28an, Oikiak denboran atzera egingo du 1930. urtera heldu arte. Herria hamarkada hartara itzuli balitz bezala girotuko da eta oikiarrak ere garai hartako arropekin jantziko dira.
Dokumentuaren akzioak