Dokumentuaren akzioak
Ezpatekin eta hitzekin dantzan
Zumarragarrek Santa Isabel eguna ospatu zuten atzo eta Imanol Lazkanok azkenekoz abestu zuen Antiguan
Goizean Irrintzi taldeko dan-tzariek, Antziñako Ama taldeko txistulariek lagunduta, ezpata-dantza eskaini zuten. Ondoren, bazkaria eta erromeria izan ziren. Normalean dantzariak eta txistulariak izaten dira protagonista nagusiak, baina atzo bertsolari batek ere zeresana eman zuen: Imanol Lazkanok. Izan ere, aurtengoa du azken urtea plazatan eta atzo abestu zuen azkenekoz Antiguan. Zumarragarrek omenaldi xume bezain hunkigarria eskaini zioten azken 20 urteotan herriko jai nagusian abestu duen Azpeitiako bertsolari handiari. Gehienetan Joxe Agirrerekin aritu da. Iaz, lehenengoz, Zumarraga eta Urretxuko bertso eskolakoek ere kantatu zuten berarekin.
Lazkanok "uzteko garaia" heldu dela uste du: "Bertsolaritzari asko eman diot eta oraindik ere nire beharra duela ikusiko banu, jarraitu egingo nuke. Baina ez dut uste nire premia duenik. Plazak beti eman dit izu pixka bat eta hori adinarekin ez da gutxitzen. Bertsolaria ez da joan behar plazara errukia ematera, poza ematera baizik".
Hala, joan zen astean azken saioa eskaini zuen Urretxun eta atzo Zumarragan: "Urte hauetan guztietan Agirrek eta biok jende asko ezagutu dugu. Euskal Herriak merezi baino gehiago mimatu gaitu". Zumarragan ere lagun asko egin dituzte. "Antion jende asko biltzen da. Goizean, batik bat, giroa oso berezia izaten da. Mutikotan izan nuen Zumarragako festaren berri: Oñatz auzoko bizilagunei entzunda", esan zuen.
Lazkanok plazatan abesteari utziko dio, baina ez plazetara joateari: "Santa Isabel eguna berezia da eta, seguru aski, datozen urteetan ere hemen izango naiz. Festa oso polita da eta lagun zaharrak bisitatzera etorriko naiz". Eta atzo bere lekukoa hartu zuten Urretxu eta Zumarragako bertso eskolako lagunak entzutera ere bai, noski: "Urretxu eta Zumarragan bertsolari oso onak daude. Gazte gogotsuak ikustea oso pozgarria da".
(A. Z)
Dokumentuaren akzioak