Dokumentuaren akzioak
Ezpatadantzak bere egunik bereziena ospatu du aurten
Goiz Deiako txistulariek eta Sustraiak dantza taldeko dantzariek euren maisuak omendu zituzten atzo, Ezpatadantza berreskuratu zutenetik 30 urte betetzean
Atzo garai bateko koreografia eta gaur egungoa uztartu zituzten. Ezpata motzekin dantzatzen duten hiru buruzagien tokian hamabi buruzagi egon ziren. Gainera, dantzan aritu ziren dantzari gehienak azken hogeita hamar urteotan dantza egin izandako legazpiarrak izan ziren.
Argi gelditu zen atzokoan legazpiarren bihotzak hunkitzen dituen dantza dela Ezpatadantza. Izan ere, dantzariek Angel Murua altxatu zutenean Euskal Herria enparantzan bildutako herritarrak txaloka hasi ziren. Arrazoi izango du Jon Dorronsoro Sustraiak taldeko kideak dantza hau herriko errituala bihurtu dela esaten duenean...
Olaria saria eman zuen Juan Ramon Larrañaga alkateak ondoren. Maria Dolores Aseginolaza sarituak ez zuen etortzerik izan, eta bere ahizpek jaso zuten. Hala ere, aurki etorriko dela esan zuen alkateak, eta saria jasotzen dutenek sinatzen duten liburuan sinatuko duela gaineratu zuen. Soka-dantza etorri zen gero, eta amaitzeko dantzariek eta txistulariek euren maisuak omendu zituzten.
Han zeuden Nikolas Urmeneta eta Juan Jose Canteroren senitartekoak. Baita Jesus Maiztegi eta Jose Inazio Elorza ere. Guztiei oroigarriak eta loreak eskaintzeaz gain, bertsoak abestu eta ohorezko aurreskua ere dantzatu zieten.
Dokumentuaren akzioak