Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantzarien segizio eta dantza-sortak

Igartzako Dantzarien Kofradiako 108 dantzari elkartu dira gaur Beasainen Igartzako Dantzarien Eguna ospatzeko. Udaletxean bandera jasotzea egin ondoren, segizioa abiatu da Loinazko San Martin plazatik Igartzako Monumentu Multzoraino. Ordurako ikusle ugari zituzten zain horretarako egokitutako eserlekuetan. Dantza erakustaldia egin dute ondoren, eta eguna arratsaldean borobilduko dute erromeriarekin eta triki-poteoarekin.
2007an sortu zen Beasaingo Igartzan Igartzako Ezpata-dantzarien Kofradia Aurtzaka dantza taldearen ekimenez. Egun 300 kofrade baino gehiagok osatutako erakunde horren zereginik behinena, gutxienez orain bi mende Beasainen eta inguruko herrietan oso ohikoak ziren Ezpata-dantzaren segizio eta dantza-sortak berreskuratu eta indarrean jartzea da.
Dantzarako erabiltzen diren janzkera, bandera eta ezpatak dokumentu historikoetan jasota daudenak dira, eta dantza bera, herrian bertan eta eskualdean ezagutu izan diren dantza-maisu zaharrengandik ikasitako eran eta aldairekin egiten da.
Euskal Herriko ezpata-dantzen ezaugarrietako bat da, hauek osatzen dituzten taldeak jendetsuak izatea, bi eskuko ezpata luzez lotuta bi eta lau ilarako formazioan, eta buruzagi gidari bat aurrean dutela. Beste ezaugarri bat, segizio honi jarraitzen dioten ezpata-txikiko dantzari bakarlariak dira, koreografia zailduagoak erakusten dituztenak.
Ezpata-dantzarien segizioa buruzagi edo kapitain gidariak irekitzen du, lau ilarako ezpata-dantzarien lerroak daramatzala. Atzetik kapitain azkendariak joaten dira, Loinazko ezpata-dantzan urte horretan kapitain izan diren dantzari txikiekin batera; ondoren banderazaleak, danbolintero eta musikariak atzetik dituztela. Erraldoiak ixten du segizioa eta Kofradiako zaldikoak segizioari modu askean jarraitzen dio, gidaritzan eta dantzen zuzendaritzan lagunduz.
BIDEOA ETA ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga
Dokumentuaren akzioak