Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantzari Egunerako bazkarirako txartelak abuztuaren 1a arte eros daitezke Lesakan
Abuztuaren 9an ospatuko da, Beti Gazte Elkartearen 75. Urteurreneko egunean eta 105 dantzari bilduko dituzte
Egun osorako egitarau zabala prestatu du Beti Gaztek, Lesakako Musika Bandaren, Lesakako Txistulari Taldearen eta Tantirumairu dantza taldearen laguntzaz. Goizeko 10etan egun horretarako bilduko diren zazpi ezpata-dantzari taldeak karrikaz karrika ibiliko dira. 11:00etan Plaza Zaharretik talde guziak elizara joanen dira, musika bandaren laguntzarekin. 12:30ean Zubigainekoa dantzatuko dute 105 dantzariek Onin errekaren bazterrean eta segidan, Ziharkakoa plazan. Eguna borobiltzeko, herri bazkaria eginen dute 14:30ean frontoian.
Aipatzekoa da duela 30 urte ere egin zela Ezpata-dantzari Eguna Lesakan, 1985eko irailaren 1ean, zehazki. Orduan, 5 talde atera ziren, 75 ezpata-dantzari guztira. Orduan, Beti Gaztek ez ezik, Basurde eta Eguzki elkarteek ere antolatu zuten, Lesakako udalaren laguntzarekin eta egitarau beretsua izan zuten, nahiz eta Iruñeko Udal dantzari taldeak ere saio bat eskaini zuen.
Bazkarirako txartelak
Herri bazkaria denentzako zabalik da, ezpatadantzari izan edo ez. Txartelak Izarra okindegian, Koskila ostatuan, Telletxea liburudendan eta Jubilatuen Elkartean erosteko hondar eguna abuztuaren 1a da eta helduen menua 30 euro gostako da eta haurren menua 10 euro. Helduen menuan, sarrera moduan ertzebete-taula eta zainzuriak, ganbaz eta zapoz beteriko piperrak eta fritoak izanen dituzte; legatza erromatar erara, limoi sorbetea cavarekin, bildots errea eta hostore-tarta, dena ardoa, sagardoa, cava, kafea eta koparekin. Haurren menuari dagokionez, makarroiak, xolomoa patatarekin eta petisuisak izanen dituzte, frexkagarriekin bustiak.
1985eko irailaren 1ean ospatu zuten Ezpata-dantzari Eguna Lesakan. 30 urte beranduago Beti Gaztek antolatuko du, bere 75. urteurreneko ekitaldien baitan. |
Dokumentuaren akzioak