Baina 2022an, 'Ezpata Dantza' ere berreskuratu zuten, «hurrengo urteetarako ohitura bilakatzeko asmoz», eta pixkanaka errotzen doa jaietako egitarauaren barruan. Aurten ekainaren 28an egingo dute Ezpata Dantza eta Brokel Dantza. Garai bateko ohiko dantza ekitaldia oholtza gainetik atera, eta garai bateko Irungo herriaren mugetatik dantza egiteko urratsa egin zuten, eta horri eutsiko diote igandean. Ama Xantalen ermitatik abiatuko dira 12:30ean, eta Urdanibia plazan, San Martzial, Eliza eta Eskoleta karriketan, Fermin Calbeton kalean, Foruen karrikan, Pikoketa karrikan eta Foruen karrikan barrena dantzatuko dute.
Gipuzkoan ohitura zaharra izanik ere, egun finko asko ez daudenez ‘Ezpata Dantza’ ikusteko eta parte-hartzeko deia luzatu diete irundarrei igandean. Kemeneko kideek azaldu digutenez, «zuri-gorriz jantzita eta Ezpata Dantzarako zapia buruan, txintxarrien hotsek jendea erakarri ohi dute». Hala, bosgarren urtea duten honetan, garai berrietara egokitzen badakiela erakutsi du Kemen dantza taldeak, eta geroz eta jende gehiago hurbiltzen dela aitortu digute.