Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezpata dantza prozesioa, Goizaldiren 75 urteak ospatzeko

Dokumentuaren akzioak

Ezpata dantza prozesioa, Goizaldiren 75 urteak ospatzeko

Egilea
Xalba Ramirez
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2023/02/03
Lotura
Irutxuloko Hitza
Goizaldi taldearen 75. urteurrena. (Argazkia: Xalba Ramirez)

Kandelaria egunaz esaten dena ezaguna da: “Kandelaria hotz, negua da motz. Kandelaria bero, negua dator gero”. Atzoko egunez, kandelaria egunez alegia, lehen entsegua egin zuten Goizaldi dantza taldekoek, duela 75 urte. Eguna oroitzeko, ezpata dantza prozesioa egin zuten 50. urteurrenean –duela 25 urte, alegia–, eta, atzo, errepikatu egin zuten.

Easo kaletik (Amara) Groseko Euskadi plazara egin zuten prozesioa, ezpatez lotuta, liturgiak eskatzen duen pauso pausatuz. Bertan, Goizaldiren 25. urteurrenean eta 50. urteurrenean jarritako bi plakei gehitu zioten bat berria: “75. urte hauetan sokan eskua eman duzuenoi eskainia”.

Esker hitzak izan zituzten bertaratutakoentzat, eta, omenaldi moduan, 50. urteurreneko prozesioan parte hartu zuten bi kidek hartu zuten hitza. Lehenak, egunero egiten den lana goraipatu zuen, egunez egun tradizioa berritzeko ahalegina egiten, belaunaldi berriei pasatuz iraganeko jakintza.

Moldatzeko gaitasun hori bera izan zuen bigarren dantzariak. Goizaldiko kideak gogora ekarri zuen duela 25 urte egin zen ezpata dantzan, taldeko emakumeek ezin izan zutela dantzatu, eta, aurten, beraz, lehen aldia izan dela emakumeek parte hartu dutena. Tradizioa aldatzeko, eta berritzeko egindako lana goraipatu zuen.

Beste 75 urtez dantzan jarraitzeko gogoz, Goizaldik urte osoan zehar ospatuko du urteurren garrantzitsua. Atzokoa izan da lehen ekitaldia, baian gehiago datoz urte osoan zehar. Eskuz esku pasatzen delako dantzaren plazera, eta jakintza. 

 

Dokumentuaren akzioak