Dokumentuaren akzioak
Ezpalak Dantza Tradizionalen Nazioarteko Eguna, gaur, Iruñean
dantzen erakustaldia burgoen plazan izango da, 18.00etan
Duguna eta Kezka dantza taldeek, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin batera, antolatutako Ezpalak Dantza Tradizionalen Nazioarteko Eguna gaur arratsaldean ospatuko da Iruñeko alde zaharrean. Europako herrialde eta tradizio desberdinetako ezaugarri amankomunak azpimarratzeko helburuarekin, Ezpalak Eguna gai baten inguruan sustraitu da bere edizio guztietan. Aurtengoan, sorgin-dantzak izango dira abiapuntu eta erakusgai, arratsaldeko 18.00etatik aurrera Burgoen plazan.
Hartara, Norvegia, Okzitania eta Kataluniako taldeek, baita Zuberoa, Oria, Antzuola eta Aretxabaletakoek ere, euren herrietan dan-tzatzen den sorgin-dantza, fricasse, oxdans, Ballde san Ferriol eta familia bereko dantzak erakutsiko dituzte.
17.30tan izango den kalejiraren ondoren, 18.00etan Duguna dantza taldeak ekingo dio jaialdiari. Hala, bi dantza eskainiko ditu Duguna dantza taldeak. Alde batetik, Nafarroako dantza bat, Orbaizetako esku-dantza; eta bestetik, Biarnoko dantza bat, Frantziako hainbat eskualdetan zabalduta dagoen fricassee dantzaren aldaera bat.
Hauen ondoren Ttakun Kultur Elkarteak (Lasarte-Oria) Gipuzkoako zonalde horretako sorgin-dantzaren erakustaldia egingo dute. Hurrengo txanda Osloko (Norvegia) Byttomfoten folkedasgrupperena izango da, hiru dantza taularatuko dituena: Oxdans, Tretur fra hordaland eta Snuspolka.
Kataluniako Bages eskualdeko Callús izeneko herriko bastoners edo makila-dantzariak oholtzaratuko dira ondoren, Katalunia erdialdean eta Pirineo inguruan antzinakoak dira Caramelles edo Aste Santuko jaietako dantzen erakustaldia eginez.
Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien Elkarteko (XIIO) gazteek maskaradetako pertsonaia zirikatzialeak dantzan jarriko dituzte gero. Azkenik, Loramendi Dantza Taldeak Aretxabaletako txino-dantzen, hau da, inauteri tradizionaletan egiten ziren dantzen erakustaldia egingo dute.
Bihar, igandea, Ezpalak Dantza Tradizionalen Nazioarteko Eguna Eibarren ospatuko da, eguerdiko 12:30etatik aurrera. Bertan, aipatu taldeez aparte, Kezka eta Oinarin talde gipuzkoarrak eta Esbart català de dansaires (Bartzelona, Katalunia) dantza taldea ere oholtzaratuko dira.
las claves
· 17.30ean. Kalejira Iruñeko alde zaharreko kaleetan barrena, Burgoen plazaraino.
· 18.00etan. Nazioarteko dantza tradizionalen erakustaldia, Burgoen plazan, hurrengo taldeen emanaldiarekin:
· Duguna dantza taldea. Iruñea.
· Ttakun Kultur Elkartea. Lasarte-Oria.
· Byttomfoten folkedansgruppe. Oslo, Norvegia.
· Callús-eko bastoners-ak. Callus, Katalunia.
· Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien Elkartea. Zuberoa.
· Loramendi Dantza Taldea. Aretxabaleta, Gipuzkoa.
· Le Quadrille Occitan. L'Union, Frantzia.
Duguna Dantza Taldeko kideetako batzuk. (argazkia: unai beroiz)
Dokumentuaren akzioak