Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezkongaia, ezkontzara, zelan eta... kaxarranka gainean!

Dokumentuaren akzioak

Ezkongaia, ezkontzara, zelan eta... kaxarranka gainean!

Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durango
Mota
Albistea
Data
2024/11/23
Lotura
Anboto

Zapatu eguerdiak irudi ezohiko bezain ederra utzi zuen Durangoko kaleetan. Egoitz Esturo dantzari durangarrak kaxarranka gainean egin zuen bere ezkontidearenganako bidea, Barrenkaletik udaletxeko plazaraino. (Bideoa: @Javi Mar Flo - Facebook)

Ezkontza eguna "itzela, emozioz beterikoa" izan zela esan du Kriskitin eta Arin-arin dantza taldeetako Egoitz Esturok. Dantzaria bere bikotekideagaz batera ezkondu zen zapatu eguerdian, Durangoko udaletxean. Ezkonberriek ohi bezala ospatu zuten eguna, familiako kideekin, lagunekin, eta baita Esturoren dantza taldeko kideekin batera ere.

Baina azken horiek enbaxada txiki bat prestatu zioten ezkontzekoa zen bikoteari. Durangoko Kriskitin eta Bernako Arin-arin dantza taldeko partaideak bikotea bizi den etxe atarira agertu ziren ezkontza baino lehen. Sorpresa txiki bat zuten prestatuta. Zer eta... ezkongaietako bat, dantza taldeetako kide duten Egoitz Esturo, Barrenkaletik udaletxeko plazara arte kaxarranka gainean eramateko asmoa. Esan eta egin! Lekeition San Pedro egunez dantzarako erabiltzen duten kaxari, kaxarrankari, erabilera berria eman zioten ezkontzan.

Kontuak, baina, badu bere zentzua. Izan ere, Egoitz Esturok eskualdeko makina bat dantzariri irakatsi die kaxarranka dantzatzen. "Hainbat dantzariri erakutsi diet kaxarranka, baina ni neu ez naiz gainera sekula igo. Hori dela eta, dantza taldeetako kideek eta lagunek nire eta nire bikotekidearen ezkontza eguna aprobetxatu dute ni kaxa gainera igotzeko", azaldu du. Esturok Barrenkaletik, Herritarrentzako Arreta Zentroa dagoen lekutik, udal plazaraino egin zuen bidea, dantzariek eta lagunek garraiaturiko kaxan. Inguruan izan zituen guztiak, txaloka, irribarrea ahoan. 

Dokumentuaren akzioak