Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ezinduekin lan eginez ikasi dut zertarako balio duen dantzak»

Dokumentuaren akzioak

«Ezinduekin lan eginez ikasi dut zertarako balio duen dantzak»

Dantza inklusiboa izan dadin lanean ari da Siegel. Lanak konpromisoa, sormena eta hausnarketa eskatzen dituela dio, baina oholtzan emandako urteek baino gehiago betetzen du.

«Pertsona guztiek egin dezakete dantza, hala nahi badute». Becky Siegel dantzariak (Denver, Kolorado, AEB, 1959) hala azaldu du dantza inklusiboaren abiapuntua. Horixe izango du hizpide, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatutako formakuntza ikastaroaren barruan igandean emango duen hitzaldian.
Egilea
Ainara Arratibel Gascon
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/11/27
Lotura
Berria

Nola lortzen da dantza bat inklusiboa izatea?

Garrantzitsuena dantzatu nahi duen pertsona horrek dituen beharrei erreparatzea da. Dantzak berak moldaketa desberdinak eska ditzake, dantzariaren beharren arabera. Batez ere konpromisoa, lana, hausnarketa, pazientzia eta sormena behar dira. Garbi izan behar da pertsona guztiek egin dezaketela dantza, nahi badute. Dantza irakasle on batek tresnak izan behar ditu, ezintasuna duen pertsona bat eskolak jaso nahi dituela esanez joaten bazaio, aukera hori emateko.

Eskolak amaituta, aukera izaten al dute kanpoan dantzatzeko?

Dantza egiteko areto gehienak ez daude egokituta, ezta dantza eskolak ere. Hori aldatuz joatea da erronka. Jende askok uste duenaren kontra, eskola hauetara etortzen diren asko ez datoz soilik arrazoi terapeutikoengatik, baizik eta dantzatzea atsegin dutelako eta dantzatuz disfrutatu nahi dutelako.

Dena den, dantzak ez al du terapia parte bat haientzat?

Txantxetan, askok esaten didate botiketan eman zezaketen gauzarik onena dela dantza. Fisikoki hobetzen laguntzen die, eta mina arindu. Psikologikoki, berriz, alaiago daude. Oraindik, dena den, mediku gutxi daude honetan sinesten dutenak. Baina hori ere aldatuko da.

Berrogei urte daramatzazu dantzatzen, eta konpainia eta agertoki askotan aritu zara. Orain, ordea, inoiz baino zoriontsuago zaudela diozu. Zergatik?

Dantza profesionalean eman ditudan urteak gogorrak bezain aberasgarriak izan dira. Baina lan hau opari bat da. Niretzat, ezintasunak dituzten eta ez dituzten dantzarien arteko trukea da zoragarriena. Une hori magikoa da; erabateko zentzua ematen dio egiten dudan lanari. Muga bat zeharkatzea bezalakoa da, eta desberdintasunaz, diferentziaz gozatzea. Desberdintasuna, ezintasuna, ez da arazo gisa ikusi behar, baizik eta aukera gisa, estimulu gisa.

Oholtzaz, hortaz, ahaztu zara?

Oholtza gainean egoteak poz handiak ematen zizkidan, baina baita frustrazio eta kezka ikaragarriak ere. Izan ere, oso zaila da perfekzioa lortzea. Zoragarria da presio hori albo batera utzi eta egun bakoitzean zure ikasleek zenbat ikasten duten ikustea. Egun bakoitza da aberasgarria, sormenez betea. Gainera, oso pozgarria da ikustea esklerosia duen ikasle batek lehen baino zurruntasun gutxiago duela, edo iktusa izan duen bat lehen baino hobeto mugitzen dela. Ezinduekin lan egiteak balio izan dit dantzak zertarako balio duen jakiteko. Esperientzia zuzena, purua da. Teknikoki ere bide berriak zabaldu dizkit.

Zure ezintasunak oso baliagarriak izan omen zaizkizu lanerako.

Dantzariak erloju biologikoaren menpe gaude. Ni duela hamar urte energia gabe nengoen, eta fisikoki ere adinaren eragina beti nabaritzen da, baita lesioak ere. Zure ezintasunez jabetzen zara. Nik uste dut horrek lagundu didala haiei baikortasun mezu bat emateko, eta haien lekuan jartzeko.

Irakasle guztiek diote beti ikasten dutela zerbait ikasleengandik. Zuk zer ikasi duzu?

Egunero irakasten didate zerbait. Nik nire eskarmentua dut, baina, askotan, haiek ematen dizkidate egokitzapenak egiteko zantzuak. Haien jarduna ikusiz ere asko ikasten dut. Horrek guztiak nire lana aberasten eta fintzen du.

Euskal herritarrak ez omen dira oso dantzari onak.

Oso dantzari onak daude hemen, eta hemengo dantzak zoragarriak iruditzen zaizkit, nahiz eta gerritik gora zurrunegiak izan. Hona etorri nintzenean, egin nuen lehen gauza euskal dantzen ikastaro batean izena ematea izan zen. Oso gustuko dut jendearekin dantza egitea, eta, alde horretatik, hemengo erromeriak izugarri gustatzen zaizkit.

Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak