Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezin hartu urteroko bizipozaz

Dokumentuaren akzioak

Ezin hartu urteroko bizipozaz

Birusaren eraginez, ezin izanen da ohiko inauteririk ospatu Euskal Herrian, bertan behera gelditu baitira ekitaldi gehienak. Tradizio handiko herrietan, bereziki sakona da sortutako hutsunea.
Egilea
Uxue Rey Gorraiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/02/18
Lotura
Berria
Errobiko kaskarotak herriko karrika batean, joan den igandean.
Errobiko kaskarotak herriko karrika batean, joan den igandean. NAHIA GARAT

Arotzek, zaldikoek eta txatxoek hartuak izan ohi dira Lantzeko (Nafarroa) kaleak inauterietako asteartean. Han ibiltzen da Ziripot ere, ahal bezala, arrastaka, eta herritar askok Miel Otxini lotuak izaten dituzte begiak ordu luzez. Ruben Beunzak (Ostiz, Nafarroa, 1977) arotzarena egin du azken hamabost urteetan. Baina, aurten, ez du jantzia armairutik atera. «Joan den urtean zorte handia izan genuen; artean garaiz zen, eta izan genuen konfinamendua ezarri aurretik inauteriak ospatzeko aukera; aurten, berriz, ez dugu deus eginen», adierazi du Beunzak.

Egoeraren larritasuna ikusirik, aurtengo inauteriak bertan behera uztea erabaki zuen Lantzeko Udalak. Beunzak aitortu du albisteak «tristura» eragin duela herritarrengan, baina esan du inor gutxi harritu zela erabakiarekin. «Argi eta garbi zegoen».

Iragan diren urteen aldean, ezohiko giroa izanen da gaur herrian, baina, Beunzak kontatu duenez, joan diren egunetan argi izpi batzuk izan dira Lantzen, herriko gazteenei esker. «Iazko inauterien ondotik, herriko haurrek mozorroak prestatu zituzten beren kabuz. Aurten erabiltzeko ilusioz ziren, urduri, eta, izatez, izkina guztietan aritu dira helduei galdezka ea ez ote den deus eginen». Haurrek ezezkoa jaso zuten bueltan, eta, beraz, igandean atera ziren karrikara. Gaur, ordea, ez da espero festa girorik, Beunzaren arabera.

Ahal dena, eta ahal denean

Hutsik dute gaurko egitaraua Altsasun (Nafarroa). Javi Trapero (Altsasu, Nafarroa, 1967) herriko inauterietako batzordeko kideak azaldu duenez, ez da deialdirik egin kalean ospakizunik egiteko, eta «atsekabea» da nagusi.

Dena dela, Traperok argitu du badela koronabirusak zapuztu ez duen ekintza bat: urtero, inauterietako batzordeak eta Altsasuko ikastetxeetako gurasoen elkarteek haurrei zuzendutako egitasmo bat garatzen dute ipuin baten bidez, eta ohiturari eutsi diote, «oztopoak oztopo». 

Inauterietan girotua da ipuina; askotariko istorioak azaltzen dira kontakizunetan, pertsonaia ugari ere bai, eta bada guztien gainetik gailentzen den bat: momotxorroa. Ipuina oinarri harturik, erakusketa bat sortu dute; Altsasuko Iortia kulturgunean da ikusgai.

Urteak dira Aritz Bidegain (Baiona, 1982) Uztaritzeko (Lapurdi) inauterien antolaketan murgildua dela; Hartzaro festibaleko gidoia idazten du. Aurten, baina, hark idatzitako hitzak ez dira adituko Uztaritzeko antzezlanean, ez baita izanen jairik.

Hartzaron, sona handikoak dira antzezlanak, dantzaldiak, kantaldiak eta lehiaketa gastronomikoak. Aurten ez da izanen halakorik, baina Bidegainek zehaztu du festibala ez dela guztiz ezeztatu; beste gisa batera, baina antolatuko dituzte gauzak urtean zehar.

Inauteriak bertan behera geldituko zirela erabaki aurretik ere, hasiak ziren antzezlana idazten, eta, Bidegainen esanetan, sortutako pasarteetako batzuk moldatu eginen dituzte beste inoiz egin daitezen; hala, «ez da zakarrontzira botako» egindako lana. Aitortu du buruan izan zutela Internet bidez egitea, baina, azkenik, erabaki zuten hori ez dela «naturala». «Inauteria ez da etxetik begiratzeko, plazan bizitzeko baizik». Aurreragorako utziko dute.

Ez dute dena geroratu, ordea: abenduaren 20tik aitzina, kaskarotak karrikara atera dira zenbait asteburutan, udaberriari ongietorria emateko. Hilaren 28an dute hurrengoa.

Dokumentuaren akzioak