Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ez galtzeko moduko ikuskizuna

Dokumentuaren akzioak

Ez galtzeko moduko ikuskizuna

Lepo bete da gaur arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxea. Ez zen gutxiagorako: Gero Axular Dantza Taldeak gure herrian oholtzaratu du azkenekoz 'Itzal Galdua' ikuskizuna, 2015eko martxoan sortu eta geroztik hainbat emanaldi burutu eta gero.
Komunikabidea
Txintxarri
Mota
Albistea
Data
2017/03/25
Lotura
Txintxarri

Ez galtzeko moduko ikuskizuna izan da gaur arratsaldekoa. Juan Luis Unzurrunzaga koreografoaren gidaritzapean, euskal kultura eta folklorea lantzea asmo duen 'Itzal Galdua' emanaldiak txundituta utzi ditu kultur etxera gerturatu diren ikus-entzuleak.

XX. mende hasieran kokatzen da istorioa. Karlistadak amaitutakoan, krisiak gogor kolpatu zuen Hego Euskal Herria. Ondorioz, nafar askok Mauleko espartin lantegietara jo behar izan zuten lan bila. Etxeetan bizitzeko lain ez zeukaten, eta are gutxiago ikasketak burutu ahal izateko. Hori dela eta, kondairak dioenez, garaiko hainbat biztanlek euren seme-alaben itzalak saltzen zizkioten deabruari; honek, trukean, ikasketako egiteko behar adina diru ematen zien.

'Itzal galdua' laneko protagonista Salazar bailarakoa da: Otsagikoa, hain justu. Itzalik gabe ibiltzen da bera ere, eta ikasketak bukatutakoan Nafarroara bueltatzen da, lurralde hori defendatzera. 

Gero Axular Dantza Teatroak antzezlan bikaina eskaini du gaur arratsaldean kontakizun hori ardatz hartuz; ikustekoak izan dira dantzarien koreografiak, eta baita taularatzea ere. Amaieran, txalo zaparrada luzeak joz eskertu dute ikusleek artisten lana.

Dokumentuaren akzioak