Berdintasunaren eta gizarte parekide baten aldeko urratsa eman nahi izan du Laudioko Udalak eta panpinari su eman ordez, aurtengoan omenaldia egingo diote pertsonaiari.
Udaleko Kultura eta Berdintasun sailek elkarlanean prestatu dute ekimena eta Amets Meatza zinegotziak Aiaraldea.eus-i azaldu dionez "garai bateko feministak” zirela aitortu eta “jai eredu parekideak sortzera bideratuta dago planteatutako ekintza berria”.
Itxarkundia dantza taldeak parte hartuko du ekitaldian eta Xabi Solanoren Erre zenituzten abestiaren koreografia egingo dute dantza taldeko kideek sorginaren panpinaren aurrean.
Amurrioko aurrekaria
2017an zalaparta sortu zen Amurrion, San Juan bezperako ospakizunetan erretzen zen sorgin irudiko panpina "bahitu" zutelako. Otsemeak talde feministak protesta modura burutu zuen ekintza eta beraien aldarrikapena publiko egin zuten: “ez dugu onartuko beste urte batez ere sorginak, emakumeak, herritarron aurrean inkisizioaren garaietan bezala plaza erdian erretzea”.
Ondorengo urtean sorgina erretzeari utzi zioten eta horren ordez, kontzeptu ezberdinak (intolerantzia, beldurra, nagikeria...) irudikatzen dituen paper eta kartoizko egitura erre zuten.