Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ez da arazorik egongo emakumeak kutxa gainera igotzeko»

Dokumentuaren akzioak

«Ez da arazorik egongo emakumeak kutxa gainera igotzeko»

ATZEKOZ AURRERA. ASIER USKOLA. DANTZARIA

Uskolak hamabost urte daramatza San Pedro egunean kaxarranka dantza egiten. Iaz estreinako aldiz eutsi zioten kutxari emakume batzuek, bera gainean zegoela. Oraingoz, ez du utziko.
Egilea
Lander Muñagorri Garmendia
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/06/29
Lotura
Berria

Lekeitioko San Pedro eguneko protagonista nagusia da Asier Uskola (Lekeitio, Bizkaia, 1985). 2002. urtetik, kutxa batera igo, eta kaxarranka dantza egiten dihardu gaurko egunez. «Herrian Aste Santuak amaitu ostean hasten zaizkit gogorarazten laster tokatzen zaidala dantza egitea; beraz, nahiko presente eduki ohi dut eginbeharra». Bi metrokotik kutxa baten gainean dantzatuko ditu arin-arin eta fandangoak, baina, hala ere, lasai dago.

Zer ikusten da han goitik?

Jende asko. Urtero harritzen nau horrek, hainbeste jende eta buru ikustea halako interesa sortzen duen ekitaldi horretan. Hori izaten da lehen irudipena, eta gero, hortik aurrera, norberak bere buruarekin kontzentratu behar du.

Orduan hasten dira irrintziak eta txaloak. Nolakoa da une hori?

Asko laguntzen dute, han goian bakarrik zaudelako, eta asko animatzen dute. Inoiz, dantza kanpoan egin izan dugunean, jendearen berotasun hori faltan sumatzen duzu, hasieran begira egoten direlako, eta txaloak geroago iristen dira.

Oreka berezia behar da bi metrotan dantza egiteko?

Berezia ez dakit, baina oreka apur bat bai. Hala ere, dantza pausuak ez dira oso konplikatuak, baina orekari eta kutxaren dinamikari begiratu behar zaio, jendearen sorbaldaren gainean dantzan aritzean mugitu egiten baita. Ez da lurrean dantza egitea bezalakoa, eta mugimendura ohitu beharra daukazu.

Urtero estuagoa da kutxa?

Ez pentsa, ohitu egiten zara. Hasieran, asko kosta zitzaidan moldatzea, eta denbora gehiago behar nuen proba saioetan, baina orain ohituta nago. Badakit zer sentitu behar dudan, eta garrantzitsua da hori aldez aurretik jakitea.

18 urterekin hasi zinen kaxarrankaren dantza egiten; beraz, hamabosgarren aldia duzu aurten. Lasaiago iristen zara?

Bai. Hasierako urteetan konplikatuagoa zen, urduri joaten bainintzen. Orduan, irrintziek lekuz kanpo uzten ninduten, baina tira.

Zenbat dauka Asierrek maiordomotik —pertsonaia hori antzezten du dantzan—, eta alderantziz?

Tira, maiordomoa arropagatik besterik ez naiz, egia esan. Baina azkenean ez dakit maiordomoaren rola den ere, normalean bigarren ilaran egoten baitira. Kutxa gainean zaudenean, lehen ilaran zaude, eta horregatik diot pertsonaiak ez daukala asko maiordomotik.

Zerbait berezia egiten duzu aurreko egunetan, zaintzen zara? Behean kutxa eusten dutenek eskertuko dizute ziurrenik...

[Barreak]. Askotan gogoratzen didate hori, gutxiago jateko, baina oro har ez dut gehiegikeria handirik egiten. Ohi bezala zaintzen naiz.

Zuri behintzat ez dizute Kilin-Kala egingo, ala? —Kaxarranka baino lehen egiten den prozesioan, San Pedroren irudia itsasora botatzeko keinua egiten dute—.

Ez, eta eskerrak! Hala ere, berehala igartzen da baten bat estu badabil, hutsune hori sumatu egiten baita kutxan. Batzuetan, ni ibiltzen naiz kilin-kala. Hala ere, oso ondo eusten diote haiek, ez daukat kexarik.

Iaz, lehen aldiz aritu ziren emakumeak kutxari eusten. Noizko kutxa gainean dantzan?

Ez dakit ni noiz arte egongo naizen, eta oraingoz ez dago ordezkorik pentsatuta, baina ez dakit nola egin behar den hori. Hala ere, uste dut hori naturalizatuta dagoela, eta ez dela arazorik egongo emakumeak kutxa gainera igotzeko. Erreleboa behar denean ikusiko da nor dagoen prest.

Zuk oraingoz ez daukazu uzteko asmorik?

Ez, momentuz inork ez dit ezer esan. Aurretik pertsona bat egon da urte luzez kargu hori betetzen, eta aldaketa natural egingo dela pentsatzen dut.

Zure aurrekoa 34 urtez egon zen kaxarranka dantzatzen. Beste horrenbeste egoteko asmoa duzu zuk?

Ez dut uste; luzerako da hori.

 JUNE PRIETO / @FOKU 

Dokumentuaren akzioak