Oraingoan Argia Dantza Taldeko Jexux Larrea izan da irakaslea, eskarmentu handikoa euskal diasporan dantza irakasten, Ipar Amerikan Lisa Corcostegui-ren Renoko Zenbat Gara taldean eta mendebaldeko talde guztiekin aritu baita irakasle, baita 2008tik NABO Udalekuetan ere. Gainera, klaseek zuzeneko musika izan dute, Kaña Bikaina Musika Taldeko trikitilariek interpretatua, musikariak Santiago Gurrutxaga, Nadia Josefa Irazoki, Iosu Larrea, Maider Lasa eta María Pilar Larrañaga direla. Ikastaroaren proposamenak erantzun ederra jaso zuen, larunbatean 25 bat lagun bertaratu baitziren eta igandean beste 15.
Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara irakasle eta jardueraren antolatzaile Izaskun Kortazarrek oso balantze positiboa egiten du: "Oso gustura aritu ziren guztiak. Izan ere, klaseen ondoren, elkarrekin joan ziren larunbatean afaltzera eta igandean bazkaltzera, eta ikasleek Donostiatik etorritakoen bisita euskara praktikatzeko baliatu zuten". Kortazarrek adierazi dio EuskalKultura.eus-i HEOn dantza ikastaro bat antolatzen den hirugarren aldia dela, eta bai aurreko aldiak eta baita aurtengoa ere, esperientzia bikaina izan direla. Datorren urtean errepikatzea espero dute, "agian aldaketaren bat eginez eta, esaterako, kalera dantza egitera ateratzera animatuz".