Dokumentuaren akzioak
'Euskaldunak eta dantza' galan Itziar Mendizabal eta Mikel Jauregi izango dira
Bilbao Ballet Elkarteak antolatuta, atzerrian lan egiten duten puntako dantzariak ariko dira ekainean Euskaldunan
Itziar Mendizabalek, Mikel Jauregik, Juan Carlos
Santamariaren konpainiak, Aukeran taldeak, Yasmina Sancayok eta Aaron
Sanzek parte hartuko dute galan.
Itziar Mendizabal (Hondarribia, Gipuzkoa, 1981) Alemaniako
Leipzigeko Balleteko dantzari nagusi izendatu dute berriki. Benois
saria jasotzeko hautagaia da, gainera. Dantzaren esparruko saririk
garrantzitsuenak dira Benois sariak, eta maiatzaren hasieran egingo
dute gala ekitaldia Italian. Orain artean euskal dantzari bakar batek
eskuratu du sari preziatua: Lucia Lakarrak. Leipzigeko Balletean
dantzarako lagun duen Jean-Sebastien Colaurekin etorriko da Mendizabal
Bilbora. Pieza bi dantzatuko dituzte: Paul Chalmerren Piaf a deux eta Uwe Scholzen Kreazioa.
Mikel Jauregi (Portugalete, Bizkaia, 1982) Flandesko Balleteko
dantzari nagusia da. Giulia Tonellirekin dantzatuko da Bilbon; August
Bournonvilleren La Sylphide eta Nicolo Fonteren Cornered obrak eskainiko dituzte bien artean.
Dantzaria ez ezik, koreografoa ere bada Juan Carlos Santamaria
(Donostia, 1964). Espainiako Dantza saria jaso zuen iaz. Espainiako
Dantza Konpainian lan egin zuen urte askoan, eta 1998an sortu zuen bere
konpainia, Santamaria Compañia de Danza. Hala, Santamariak berak
diseinaturiko koreografia dantzatuko dute konpainiako lau dantzarik: Ezkutuko lorategi bateko soinuak. Obra horrekin Vignale Nazioarteko Dantza Lehiaketako epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen 1996an.
Dantzari gazteak
Halaber, Dantzari Gazteen Bilboko Lehiaketan iaz gailenduriko Yasmina Sancayo dantzatuko da Euskaldunak eta dantza galan. Baita txapelketa horretan bigarren postuan sailkatutako Aaron Sanz ere. On kixote-ren binakako pauso bat dantzatuko dute elkarren artean.
Urtetik urtera haziz eta egonkortuz joan den ekimena da Euskaldunak eta dantza
gala. Urte hauetan guztietan, hamazazpi euskal dantzari ekarri ditu
Bilbora, entzute handiko konpainietako dantzari nagusiak denak ere.
Talde horietan dituzten dantzarako lagunekin etorri dira, gainera.
Horrenbestez, sona handiko nazioarteko dantzariak ere izan dira
Euskaldunan, Bilbao Ballet Elkartearen ekimenez.
Aukeran-ek 'Gernika, mihise gaineko dantza' obra estreinatuko du
Taldearen ibilbidean «mugarri» izango den obra estreinatuko du Aukeran-ek Euskaldunak eta dantza galan. Edu Muruamendiaraz koreografoak azaldu duenez, Gernikako bonbardaketan eta Picassoren Gernika margolanean oinarritutako pieza aurkeztuko du taldeak, ekainaren 10ean, Euskalduna jauregian. Hamar urteko ibilbidean taldeak egindako lanen antzik ez duela izango aurreratu du, orobat. «Desberdina izango da, berria guretzat». Bilbao Ballet Elkarteko presidente Adolfo Yebrak eskatuta sortu du Aukeran konpainiak Gernika. Mihise gaineko dantza obra. Euskaldunak eta dantza galan, ordea, ez dute lan osoa emango, ordu erdi inguru irauten duen suite
-a baizik. Obra osoa Gernikan bertan aurkeztuko dute urriaren 31n. Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak zuzenduko dute.
Dokumentuaren akzioak