Dokumentuaren akzioak
Euskalduna izateak sortu galderen dantza Bi Harriz Lau Xorin
Thereten 'Dorrea' dantza estreinatzeaz gain, Miarritzeko jaialdian egitarau zabala apailatu dute, 18tik 22rako
Euskal kulturak sortzen segitzen duela erakutsi nahi dute. Horren lekuko freskoenetako bat Dorrea
izanen da, jaialdiaren karietara Mizel Theret dantzari koreografoak
estreinatuko duen bakarkako dantza. Martxoaren 19an emanen du, Colisee
aretoan, 20:30ean: «Euskal kulturarekin dudan harremana miatzen du
dantzak. Bi nortasun baititut nire baitan: Hazparnen sortua, euskaraz
mintzo, eta aldi berean, frantsesez segitu ditut ikasketa guztiak».
Nahasketa horri begira, batzuetan «baikor» da, «besteetan etsipenez
betea». Sorkuntzak duda horiek islatzen ditu. «Desafio handia» 50
urteko dantzari honentzat. Luzaz dantzatu gabe egon eta, 2005eko Pilotar(h)itza sorkuntzak
berpiztu dio oholtzara igateko gogoa. Jaialdiak proposatuko duen beste
dantza 21ean izanen da, 12:00etan, Bellevue plazan. Asier Zabaletaren
Ertza konpainiak Bihar jaio nintzen azken lana eskainiko du.
Beste ekitaldien artean, zinemari irekiko dioten tarte berria.
Hori ere 21ean, Mediatekan, 16:00etan. 80ko hamarkadako euskal
telebistarentzat egin Ikuska proiektuko 21 dokumental laburretako sei
ekarriko dituzte bertara. Antton Ezeiza zinemagileak aurkeztuko ditu.
Egun berean Lagunarte konpainiak Dong bere ikusgarriko ezkila berezia entzunaraziko du Mazon parkean, 20:30ean. 22a, jaialdiaren azken eguna, Piarres Larzabalen Ibañeta
antzerkiarentzat atxiki dute. Korrika Kulturalarekin lankidetzan
antolatua dute emanaldia. Plaza Berrin, 20:30ean. Korrikarekin antolatu
beste ekitaldiak hasiko du jaialdia. Koldo Ameztoi eta Pantxix
Bidarteren Aneta Bokaleko da. Itsas Museoan emanen dute, martxoaren 18an, 20:30ean.
Jaialdiko ekitaldi nagusia, usaian bezala, ostiraleko
kontzertua izanen da aldi honetan ere. Aurten Nomada TXko
musikarientzat atxiki dituzte bai ostiral gaua, bai Gare du Midi areto
handia. 20:30ean abiatuko dute gaualdia. Munduan zehar ezagutu
lagunekin antolatu ikuskizuna ikusteko azken aukera izanen da Lapurdiko
emanaldia.
Dokumentuaren akzioak