Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Euskal zinemak merezimenduagatik egon behar du Sail Ofizialean, ez ohituragatik»

Dokumentuaren akzioak

«Euskal zinemak merezimenduagatik egon behar du Sail Ofizialean, ez ohituragatik»

Azkenean, Sail Ofizialean bertan estreinatuko du Telmo Esnalek (Zarautz, 1966) «Dantza». Film pertsonala da, oso zehatz eta ausarta. Irudi benetan ederrak uzten ditu, estetika emankor eta berezi batekin.
Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Naiz
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/09/24
Lotura
Naiz

0924_eg_telmo

Esan izaten da bizitzak joan-etorri asko dituela, baina zinemak ere halakoxea dela dirudi. Iazko edizioan Glocal in Progress sailean izan zineten, denbora daramazue filma amaitu nahi eta ezinik, eta, azkenean, Sail Ofizial bete-betean dago «Dantza».

Nahiko larri geunden eta bultzada ikaragarria izan zen Glocal in Progress saria eskuratzea. Iaz aurkeztu ginen film honekin, grabazio batzuk faltan genituela, eta postprodukzio asko falta zen. Digitalak sartzen hasiak geunden dagoeneko, baina irudi tratamendua, soinu tratamendua, eta abar falta ziren. Bultzada oso handia izan zen filmarentzat eta gauzatu ahal izan dugu azkenean.

Filma oso ausarta iruditu zait. Dantza da protagonista nagusia, ez dago apenas elkarrizketarik. Esentzia osoa hartzen saiatzen da.

Hori zen asmoa. Dantzaren bitartez historia bat kontatu nahi izatea. Dantza izatea protagonista bakarra. Pertsonaia batzuk ere badaude, baina puntualki, protagonista bakar bat egon gabe. Apustua hori zen. Juan Antonio Urbeltzek dio kolektibitatea dela euskaldunon ezaugarrietako bat eta horregatik ez dago protagonista zehatzik. Azkenean zen dantzan dauden hainbat sinbologia erabiliz historia xume bat kontatzea. Eta badirudi ikusi dutenek ulertu dutela. Mundu guztia harritzen da elkarrizketarik ez duelako. Baina ahaztu egiten zaigu zinema hala hasi zela, hitzik gabe.

Historia hori ulertzen eta kontatzen estetikak pisu handia du. Koldobika Jauregik egindako diseinuak daude hor.

Ez da berdina pelikula bat kontatzea ohiko dantza estetika baten barruan edo beste era batera ematea. Aurrekoan esan zidan norbaitek egin dugula dantza tradizionalarekin pelikularik kontenporaneoena. Eta egia da, badauka hori. Hartu dugu euskal dantza tradizionala eta eman diogu buelta bat. Koldobika saiatu da jantziak, lokalizazioak eta attrezzo guzti-guztiak narrazioaren menpe egon daitezen. Istorioa hobeto ulertzen saiatu da. Badauka magia hori.

Paisaiak ere garrantzia handia dauka filmean. Neguan hasten da kontakizuna, Bardean. Argi joko oso interesgarriak ditu. Javier Agirre argazki zuzendariaren lana oso garrantzitsua izan dela nabari da.

Fundamentala da bere lana. Baita Koldobikarekin hartu-emana izatea ere. Zer tonutan joan behar duten jantzitegiak eta argiak, nondik nora... Javiren lana oso zaila da. Baina ez nuke ahaztu nahi lan digitalak egin dituen taldea ere.

Juan Antonio Urbeltzen unibertsoan oinarritu zara filma egiteko. Bere ikuskizun askotan Urbeltzek koadroak eramaten ditu eszena gainera. «Dantza» ikustean ere momentu askotan dago ikuslea koadro baten aurrean. Zure helburuen artean zegoen efektu plastiko hori bilatzea kameraren aurrean?

“Dantza”-ren ondoren dantza mundua beste era batera ikusiko dela esaten ari dira batzuk. Eta bai, jokatzen dugu Juan Antonio Urbeltzen unibertso horrekin, baina eramaten dut nire eremura. Azkenean bere hipotesiak ezagutu, koreografiak, sinbolismoak… hori guztia jaso eta ondoren nahiko libre sentitu naiz lanerako. Ez dit inolako eragozpenik jarri istorio hau sortzeko. Bere lanetan oinarrituta daude gauza asko, baina, era berean, oso aske utzi nau pentsatzen nuena egiteko. Oso eskuzabala izan da alde horretatik.

Momentu ikusgarriak ere eskaintzen ditu filmak, adibidez, ur gainean egindako dantzak, Igartubeiti baserrian grabatutako desafioak edo Arantzazun gauez egindako Irradaka.

Bagenekien pelikulari ikusgarritasun handia eman behar geniola eta ikuslea harritzen saiatu behar ginela. Badago argi joko bat oso ondo doana, Javi Agirreren apustua izan zena. Lan ikaragarria dago.

Filma prestatzen ari ginenean, beti esaten nuen lekua, lokalizazioa, oso garrantzitsua zela, oso ondo aukeratu behar genituela lekuak, batez ere dantzan hasi arte. Lekuak eman behar dio historiari ikusgarritasuna eta lagundu behar dio narrazioari, baina, behin dantzan hasten direnean, hori guztia ahaztu egin behar da.

Aurten «Dantza» da Sail Ofizialeko euskarazko film bakarra. Aurreko urteetan «Handia», «Amama» eta «Loreak» izan ditugu. Ohitura bihurtuko da euskarazko zinema sail horretan ikustea?

Espero dut ez egotea hor ohituragatik, eta egotea merezi duenean. Ohitura izatea ez litzateke ona euskal zinemarentzat.

Dokumentuaren akzioak