Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal poesia, musika eta dantza bizigai Cordobako Gerora Elkarteak antolatutako 'Kultur Matxinadan'

Dokumentuaren akzioak

Euskal poesia, musika eta dantza bizigai Cordobako Gerora Elkarteak antolatutako 'Kultur Matxinadan'

"2013ko Matxinada" heldu da Cordobara (Argentina). Hiriko 'Baietz'en eta ‘Tapa Tapa’ dantza tailerraren eskutik, izen horretako kultura elkarretaratzea egingo da bihar, herritar guztiei zuzendua. Emango diren lau hitzaldietan euskal literatura, musika tresnak eta dantzak landu eta hartuko dira hizpide. Horretan geratu gabe, ekainerako, beste ekintza batzuk ere antolatu ditu instituzioak, tartean, mus tailerrak eta mintza praktika saioak.
Komunikabidea
Euskal Kultura
Tokia
Cordoba, Argentina
Mota
Albistea
Data
2013/06/28
Lotura
Euskal Kultura

Kultur-matxinatu dira Cordoban eta Matxinada 2013 izeneko euskal kultura topaketa garatuko du datorren asteburu honetan Gerora Elkarteak, lagun (min) dituela Baietz musika taldea eta Tapa Tapa dantza tailerra, hiruak Cordoba bertako elkarte euskaltzaleak. Proposamenak azalpen teorikoak eta eskola praktikoak batuko ditu eta literatura, musika eta dantza arloetan sakonduko du, aditu euskal-cordobatarren ardurapean.

Arratsaldeko 5etan hasita, hona Matxinadaren programa:

-‘Gaur egungo euskal ipuinerako bidea’. Hitzaldi honen bidez, Euskal Herriko literatura garaikideena emango du aditzera Elba Mocoroa Gerora Elkarteko eta Cordobako Unibertsitateko euskara irakasleak
-‘Txalaparta egoera’. hitzaldi-kontzertu hau medio, euskal musika tresna berezi honen problematikaz mintzatuko da Baietz Taldeko kide den Gaspar Jaurena musikaria
-‘Jauziak eta Xirula/Ttun ttun bikotea’. Klase ireki tankera hartuko duen ekitaldi honetan, Iparraldeko jauzien errepertorioa eta dantza hauek Xirula/Ttun ttun bikotearekin duten harremana jorratuko da. Klasea ematearen ardura Tapa Tapa Dantza Tailerreko kideek jaso dute
-‘Alboka: lehen, orain eta gero’. Kontzertu labur honetan albokaren errepertorioko zenbait pieza aztertuko dira

"2013ko Matxinada" Kultur Topaketa bihar 'lehertuko' da, arratsaldeko 5etan, hiriko ‘Casa de Pepino’ kulturgunean. Informazio gehiago eskuratzeko, geroracordoba@gmail.com helbidera behar da idatzi.

Mus tailerra eta Mintza Saioak

Urrats handien urtea izaten ari da 2013 hau Gerora-rentzat, bertatik adierazi zaigunez. Batetik, urtarrilean Eusko Jaurlaritzaren onarpena jaso zuen elkarte gazteak euskal ete gisa eta kari horretara Gobernuko erregistro ofizialean sartu zen. Bestetik, eta FEVArekin sinatutako hitzarmen bati esker, euskara ikastaro bat ireki zuen erakundeak Cordobako Unibertsitatean.

Mintza Saioa Gerora-n 2013 01

[Gerora-ko kideek eta Cordobako Unibertsitateko Euskara ikasleak elkarrekin joan den ekainaren 1ean (argazkiakEE)]

Argi dago proiektu berriek ez dituztela Gerora-ko lagunak kikiltzen eta hori dela eta ekintza ugari eskaintzen dituzte bai herritar guztiei zabalik zein euren lagun eta kideentzat. Euskara eta dantza klaseez gain, mus tailerrak eta mintza saioak antolatzen dira Uspallata kalean daukaten egoitzan. “Ekintza hauetan Unibertsitateko ikasleek ere hartzen dute parte. Ekainaren 1ean egindako saioan,, gainera, Baietz-eko Franco Seghesso, Tuti Alonso eta Noe Fernandez musikariek musika jarri ziguten. Euskal kantu-liburuskak banatu genituen guztiok abestu ahal izateko, eta askaria partekatu genuen”, adierazi dio Elba Mocoroak EuskalKultura.com-i.

Dokumentuaren akzioak