Dokumentuaren akzioak
Euskal kulturari arnasa
Baionako bestetan euskal kulturak duen gune nagusia da Karrikaldia. Igandera bitarte, musika, dantza eta kantua izanen dira, 21. urtez segidan. Iñaki Cerrada omendu dute aurten
Leon erregea bezala, euskal kultura ere iratzarri da Baionako bestetan. Atzo egin zuen irekitze ofiziala Jacques-Portes plazan antolatzen duten Karrikaldiak. Giltzen ordez, Baionako ikastoletako gurasoek prestatutako taloak bota zizkioten publikoari, «Aupa Karrikaldi 2016» oihuen artean. Igande arte, dantzaz eta kantuz alaituko dute plaza, 21. urtez segidan.
Jean Marc Landarretxe elkarteko presidenteak gogoan ditu egitasmoaren hastapenak: «Duela 21 urte, Baionako bestak ari ziren berpizten, eta memento hartan parada ikusi genuen zerbait egiteko, euskal kulturari merezi duen lekua emateko. Dantzazpi egitasmoa sortu genuen» Montau plazan, 19:00etan, dantzaren inguruan jendea biltzea proposatu zuten. «Anartean, Baionako Kantuz sortu zen, eta, aski fite, Dantzazpiri lotu zen. Ondotik, ikastolako gurasoek ostatua eta taloak eman zituzten. Duela hamar urte lekuz aldatu ginen, eta Karrikaldia sortu genuen, orain ezagutzen dugun formularekin».
Gaur egun, bi zatitan iragaten da egunero Karrikaldia. Arratsalde hasieran, musika eta dantza ikusgarriak izaten dira, Euskal Herrikoak ez ezik beste kulturetakoak ere bai. Hala, Los Chancaires taldeko landestarrak ikus zitezkeen atzo, zango makola gainean dantzan. Ondoren izaten dira Dantzazpi eta Baionan Kantuz, publikoari ere parte hartzeko aukera emanez.
Gaskoinen kulturako ordezkariak ikusteko jende multzo polita bildu bazen ere, 19:00etarako bete zen plaza, Leinua txarangaren doinuekin dantza jauziak emateko. Adin guzietako jendea bildu zen: batzuk, urrats segurrak emanez; besteak, albokoari segika, eta uzkurrenak, ostatu xokotik begira, gerria mugituz. Edonork egin dezake dantza Karrikaldian.
Gaur egun, euskal giroko elkarte andanak antolatzen ditu ekitaldiak Baionako besten garaian, baina, luzaz, Karrikaldiak bete du euskara eta euskal kultuaren hutsunea. Pixkanaka handituz joan den egitasmo hori erreferentzia bilakatu da gaur egun, herriko etxearen egitarau ofizialean sartzeraino. «Euskararen normalizazioa da gure ametsa. Baionan euskara entzutea, euskaraz mintzatzea arrunt gauza normala izan beharko litzateke, baina jendea ez dago horretara. Horrelako ekitaldi gehiago beharko lirateke Baionan eta urte guzian», zioen atzo Landarretxek.
50 urte bestak animatzen
Atzo egin zuten irekitze ekitaldian gonbidatu berezia izan zuten Karrikaldian: Iñaki Cerrada, Orai Bat elkarteko arduraduna. Txistua eskuan, 50 urtez aritu da besten garaian Baionako karrikak animatzen. «17 urterekin hasi nintzen musikaz karrikak animatzen, orduan adin muga hori jartzen zutelako. Gauerdi arteko baimena izaten genuen; beraz, gauez lasai egon zitekeen karriketan ibiltzen ginen. Geroztik, segitu dut, eta aurrekoan ohartu nintzen 50 urte neramatzala», kontatu zuen, irriz.
Azken urteetan gertatu den masifikazioarekin bestak anitz aldatu direla uste du Cerradak, «eta ez beti onerako». Bere garaian intimoagoak zirela oroitu zuen: «Denek elkar ezagutzen genuen, eta urte guztian ikusi gabeko lagunekin elkartzeko mementoa ziren bestak. Bertako jendea ibiltzen zen Baionan nagusiki. Geroztik kanpotar anitz etortzen hasi dira, eta, besten itxura baino gehiago, espektakulu batena hartu du», deitoratu zuen. Onartu zuen, halaber, nostalgia puntu batekin gogoratzen dituela garai bateko bestak. «Orduan, 36 txarangak alaitzen zituzten Baionako karrikak, bakoitza ehun kide ingurukoa, eta zortzi dantza taldek parte hartzen zuten igandeko desfilean». Karrikaldia bezala, euskal kulturari lekua ematen dioten hitzorduak goraipatu zituen.
Gaur ere izanen du lekua euskal kulturak bestetan. 12:30ean, bertso saioa eginen dute Fredi Paiak eta Beñat Gaztelumendik Patxa plazako txosnetan; arratsaldean, berriz, Buhaminak taldea arituko da Karrikaldian.
Pentsa liteke asteburua hurbiltzearekin jende gehiago etorriko dela; hala espero dute, behintzat, lehen bi gauetan jende gutxi ikusi duten ostalariek. Batzuk beldurtzen hasiak dira, horren ondorioengatik.
Jende andana bildu zen atzo Karrikaldian Leinua txarangaren doinuekin dantza egitera. ISABELLE MIQUELESTORENA
Dokumentuaren akzioak