Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Euskal kulturaren eta hizkuntzaren transmisio lana egitea dagokigu ikastola bezala"

Dokumentuaren akzioak

"Euskal kulturaren eta hizkuntzaren transmisio lana egitea dagokigu ikastola bezala"

Egilea
Azpeitiko Kultur Mahaia
Komunikabidea
Uztarria
Tokia
Azpeitia
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/02/07
Lotura
Uztarria
Azpeitiko Ikastola Ikasberriren iazko euskal inauterien jaialdia, plazan, otsailaren 25ean. / Uztarria

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 20. alea, Ikastola Ikasberriko Kulturarekin. Karnabaletako Ostiral Mehean euskal inauterien jaialdia egingo dute. Maite Bereziartua irakasle eta kultur ekintzen antolatzaileetakoak dio euskal kultura presente dutela ikastolaren proiektuan.

Datorren astean ospatuko du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik euskal inauterien jaialdia.

Bai, Ostiral Mehean; hil honen 17an aurten. Ikastola, Ikasberri, 1995etik daukagu, eta euskal inauterien aurreneko jaialdia 1996ko karnabaletan egin genuen.

Zein da jaialdiaren helburua?

Euskal Herrian antzinatik egin izan dira inauteriak, herri askotan. gureak dira festa hauek, gure tradizioa da, eta gehiago ezagutzea eta berreskuratzea nahi izan dugu. Gure jaialdi honekin, herri txiki askotako inauterietako dantzak eta pertsonaiak erakusten ditugu Azpeitian.

Badira pertsonaia eta dantza batzuk…

Uztarritzeko zanpantzarrak eta kotilungorriak, Luzaideko bolantak, Iturengo eta Zubietako joaldunak, Unanuko mamoxarroak, Lantzeko txatxoak eta haiekin Ziripot eta Miel Otxin, Antzuolako sorgin dantza, Amezketako talai dantza eta Lesakako zakuzaharrak. Badira batzuk, bai. Mailaka antolatzen garenez, ikasleek urtero beraientzat dantza edota pertsonaia berriak izaten dituzte.

Zenbat lagun bilduko zarete Ostiral Mehean?

Ikasleak, irakasleak eta ikasle ohiak kontatuta, 550 lagunetik gora. Gero mokadu bat egiten dugu, eta hara ikasleen gurasoak ere joaten dira.

Zer ordutan hasiko da euskal inauterien jaialdia?

18:00etan, San Martineko egoitzan dantza eginda. Handik plaza aldera-eta, eta 20.00 inguruan bukatuko da, plazan.

Nola antolatzen zarete hori dena egiteko?

Ikastolako kultur taldea azpitalde ezberdinetan banatzen da, antolatu beharreko festaren arabera. Esan bezala, euskal inauterien jaialdia mailaka antolatzen dugu, eta irakasleek hartzen dute ardura, bakoitzak berea. Koordinazioa nik egiten dut.

Urtean zehar beste hainbat kultur ekintza egiten dituzue.

Urte osoan euskal kultura presente dugu ikastolaren proiektuan eta jardueran. Izan ere, ikastola bezala ere badagokigu euskal kulturaren eta hizkuntzaren transmisio lana egitea. Lehengo ostiralean, adibidez, santaeskean ibili ginen; zahar etxean kantatu genuen, San Martin egoitzan; pisuz pisu ibili ginen koplatan, eta gero, barruko atarian. Kantujirarekin Kale kantu egitasmoan ere jardun genuen, baina utzia dugu, eta eutsi nahi zaio berriz ere.

Ikastolan bertan zer erakusten duzue?

Dantzak eta bertsoa. LH3 eta LH4an euskal dantzak klasetan ematen dira. Gure tradizioa ezagutarazteko helburua dugu. Zertzelada bat da ikastolakoa, gero nahi duenak garatu dezan. Bertsolaritza, berriz, bi astean behin ematen da, LH5, LH6 eta DBH1en.

Ikastola Ikasberri-Kulturaren datu batzuk:

  • Sorrera: 1995.
  • Egoitza: Azpeitiko Ikastola, Ikasberri kooperatiba, Loiolako Inazio hiribidea 26.
  • Harremanetarako: Igor Aranbarri (igoraranba@gmail.com).
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak:

Dokumentuaren akzioak