Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Kultura Ondarearen Legeak ondare immateriala babestuko du

Dokumentuaren akzioak

Euskal Kultura Ondarearen Legeak ondare immateriala babestuko du

PPk izan ezik, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek egin dute arautegi berriaren alde
Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/04/09
Lotura
Berria

Nafarroak aurretik egin bezala, ondare immateriala babestuko du aurrerantzean Euskal Autonomia Erkidegoak. Atzo onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJ, EH Bildu, PSE eta Ahal Dugu-ren babesarekin eta PPren abstentzioarekin, Euskal Kultura Ondarearen Lege berria, 1990eko araudia aldatzera datorrena, eta ondasun immaterialak besteen mailan jartzen dituena. Eusko Jaurlaritzak 2017an onartu zuen lege proiektua, eta ia bi urteko tramitearen ondoren onartu du legebiltzarrak.

Lege berriak honela definitzen ditu ondasun horiek: «Komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak, ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Euskal kulturaren barruan sar daitezkeen hainbat arlo sartzen dira honen barruan». Helburua da ondasun immaterial ugari barne hartzea: ahozko tradizioak, ikuskizun arteak, usadio sozialak, erritualak, jai ekitaldiak, natura eta unibertsoari buruzko jakintza eta praktikak, eta eskulangintza tradizionalari lotutako jakinduria eta teknikak, besteak beste.

Horiez gain, ondare industrialari balioa aitortzeko helburua ere jasotzen du lege berriak. XX. mendean industrialdeetan sortu ziren lan molde, eraikin berezi eta tokiak babestea aurreikusten du, eta horiek euskal identitatearen parte direla nabarmentzea.

Bestalde, historikoki gutxietsiak izan diren talde sozialen baliabideei, oinordetzari eta jakintzari egiten die erreferentzia legeak; esaterako, emakumeek garatutakoari. Legearen arabera, ondarearen kontzeptu barneratzailea ezarriko da, «iruditeria femeninoaren zentzuak eta esanahiak eraikitzen lagunduko duena, kultur balio gisa».

Euskararen lurraldeak

Lege berriak ateak irekitzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek Nafarroakoekin eta Ipar Euskal Herrikoekin lan egin dezaten, eta, hain zuzen ere, «euskararen lurraldeak» aipatzen dira beren-beregi. Lege berriaren arabera, euskararen lurralde guztiei eragiten dieten eta euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten gaiak Nafarroako Foru Erkidegoarekin eta Ipar Euskal Herriarekin elkarlanean erabaki beharko dira. «Kontuan hartuta errealitate eta afinitate historikoa, kulturala eta linguistikoa, Eusko Jaurlaritzak elkarlanerako eta kooperaziorako akordioak sustatuko ditu Nafarroako Gobernuarekin, eta Iparraldeko Hirigune Elkargoarekin kultura ondarearen alorrean».

Legeak hiru arlo bereizten ditu ondarearen barruan: kultura ondare higiezina, kultura ondare higigarria eta kultura ondare immateriala. Horrez gain, hiru atal horien barruan hemeretzi kategoria bildu dira. Ondasun higiezinen eremuan, monumentua, monumentu multzoa, eremu arkeologikoa edo paleontologikoa, lorategi historikoa, kultura ibilbidea eta kultura paisaia; ondasun higigarrien barruan, banako ondasun higigarria eta ondasun higigarrien multzoa; eta, azkenik, ondare immaterialen eremuan, ahozko tradizio eta adierazpideak, bertsolaritza, musika, dantza, emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak, usadio sozialak, gastronomia, kirola, jai ekitaldiak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak, eta eskulangintzari nahiz industriari buruzko teknikak.

Dokumentuaren akzioak