Dokumentuaren akzioak
Euskal koreografoek egindako lanen laginak
Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoak eta Durangoko San Agustin Kultur Guneak Dantzatan ekimena hartuko dute ostiral honetan, azaroak 27, eta igandean, azaroak 29, hurrenez hurren. Bertan euskal koreografoek egindako lanen laginak erakutsiko dira.
Ikuskizun hau Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak bultzatutako Dantza Zirkuituaren barruan kokatzen da eta aipaturiko bi herritan izan ostean, Basauriko Sozial Antzokian (abenduak 5, 20:30etan) ere ikusi ahal izango da.
Abian jarriko den lehen lana Ziomara Hormaetxerena izango da. Gernikako dantzari eta koreografo gazteak Symbiosis lana aurkeztuko du. Pieza honetan “gizakiak duen lotura afektibo, emozional edota fisikoez eta horien ondorioez” gogoeta egiten du. Lau gorputzek, aurrez aurre, elkar erakartzen edo elkar aldaratzen dute, baina ezin dira bereizi. Elkarren beharra dute.
Horren ostean, Judith Argomanizek zuzentzen duen Lasala konpainiak Hooked (Still) pieza egingo du. Judith Argomaniz eta Jaiotz Osak dantzatuko dute pieza hau, non gizakiak beste gizaki batekin harreman afektiboa izateko duen etengabeko beharra islatzen den, eta baita horrek dakarzkion ondorioak ere.
Asier Zabaleta Ertzako koreografo eta dantzariak itxiko du erakustaldia Joan zaretenoi adio – adios a los que os habéis ido lanarekin. Aurreskua abiapuntutzat hartuta Euskal Herriak azken berrogei urteetan bizi izan duen gatazkaren ondorioz bizitza galdu duten pertsona guztiei zuzenduriko lana da.
Dokumentuaren akzioak