Hiru hamarkadako ibilbidea beteko du aurten dFeriak, Donostiako Arte Eszenikoen Feriak. Utopia hartu du ideia nagusi gisa aurten azokak, eta, astelehenetik ostegunera bitarte, 34 emanaldi eskainiko ditu. 25 konpainiak beste horrenbeste lan erakutsiko dituzte: 11 dantza ikuskizun, hamahiru antzerki obra eta zirku emanaldi bat. Azoka garrantzitsua da askotariko konpainientzat, hango eta hemengo programatzaile ugari biltzen baitu urtero. Eta euskal sortzaileek ere erakusleiho bat izango dute beren ekoizpen berrientzat. Parte hartuko duten euskal taldeetako zortzik hedabideen aurrean ere aurkeztu dituzte oholtzara eramango dituzten lanak: Erre, Kulunka, Cielo Raso, Tanttaka, Lasala, Kukai Dantza, Khea Ziater eta Vaiven —azken horren antzezlan berriak erabateko estreinaldia izango du—. Programatzaileek ez ezik, publikoak ere badu emanaldietara joateko aukera; sarrerak salgai dira jada.
‘El patio de las moreras’ / ‘Masustondoen patioa’
Vaiven Produkzioak
Martxoak 14, 18:30ean, Antzoki Zaharrean (gazteleraz).
«Zergatik hil behar dugu?». 6 urteko alabak naturaltasun osoz egin zion galdera Sandra Ferrusi, eta nola erantzun asmatu ezinda utzi zuen antzerkigilea; hori izan zuen El patio de las moreras / Masustondoen patioa antzezlana sortzeko abiapuntua. Vaivenek gazteleraz estreinatuko du dFerian; eta, jarraian, beste bi egunez emango du euskaraz, hilaren 15ean eta 16an, antzoki berean.
«Bizitzaz, gaixotasunaz, heriotzaz hitz egin nahi genuen oraingoan; gai handi horiei nola heltzen diegun gogoetatu, baina egunerokotasunetik», azaldu du Ana Pimenta ekoizpen zuzendari eta aktoreak. Hori topatu zuten Ferrusen testuan. Hain zuzen ere, amaren gaixotasuna dela-eta etxera itzuli den emakume baten istorioa idatzi du antzerkigileak, maitasunaz, haurtzaroaz, zaintzaz eta heriotzaz adina bizitzaz hitz egiten duena. Aizpea Goenagak euskaratu du, eta hirurak ariko dira aktore lanetan, Sara Cozarrekin, Martxelo Rubiorekin, Dorleta Urretabizkaiarekin, Vito Rogadorekin eta Olatz Beobiderekin batera.
‘Del color de la leche’
Tanttaka Teatroa
Tanttakak iazko abenduan estreinatu zuen Esnearen kolorekoa, Bilboko Arriagan, eta bi egunera taularatu zuen gazteleraz, Del color de la leche izenburupean —gazteleraz erakutsiko dute dFerian—. Nell Leyshon idazlearen izen bereko nobela du oinarri, eta egileak berak egokitu du antzerkirako. XIX. mende amaieran dago girotua, Ingalaterrako landa inguruko baserri batean, eta neska gazte bat du protagonista. Baserritik bikarioaren etxera neskame joan, eta bere ametsa beteko du: irakurtzen eta idazten ikastea. Baina tragedia bat ere biziko du. Aitziber Garmendiak antzezten du protagonistaren rola, eta, harekin batera, oholtzan izango dira Mireia Gabilondo, Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz aktoreak ere.
«Esango nuke irribarrez, bizitzaz eta indarrez betetako tragedia bat kontatzen dugula», adierazi du Gabilondok. Garmendiak eta Soroizek izan ezik, aktore bakoitzak bi pertsonaia antzezten ditu, eta horrek interpretazioei «kalitate handia» eman diela iritzi dio Fernando Bernues zuzendariak. Bera arduratu da eszenografiaz ere, zeinak bi osagai nagusi dituen: aulkiak eta ardi larruak.
‘Txalaparta’
Kukai + Jesus Rubio Gamo
Martxoak 13, 20:30ean, Viktoria Eugenia antzokian.
Kukai Dantzak Jesus Rubio Gamo koreografoarekin elkarlanean sortu du Txalaparta ikuskizuna, eta joan den hilean estreinatu zuten, orain berriro taularatuko duten antzoki berean. «Harrera beroa» jaso du lanak ordutik, Jon Maiaren hitzetan. Pieza «berezia» dela azaldu du zuzendariak, eta bi gako nabarmendu ditu. Batetik, zazpi interpretek parte hartzen dutela —Alain Maia, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Izaro Urrestarazu, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena—. «Interprete diot, eta ez dantzari, ze jatorriz dantzariak badira ere, eszenan dantzariak dira, musikariak dira, ahotsarekin ere lan egiten dute... Erabaki hori izan zen garrantzitsuena sorkuntza prozesuan». Horrek prestakuntza berezia eskatu ziela nabarmendu du Maiak.
Eta beste gakoa, haren ustez, txalaparta ulertzeko modua da. Hain zuzen, musika tresna huts bat izatetik harago, «kontzeptua bera garrantzitsuagoa» izan da konpainiarentzat. Maia: «Txalaparta, azkenean, biren artean elkar ulertzea da, alternantzian sortzea, elkarri entzutea... Esango nuke Kukairen eta txalapartaren artean badaudela paralelismoak».
‘Bihar arte soilik’ / ‘Solo hasta mañana’
Erre Produkzioak
Martxoak 11, 18:30ean, Intxaurrondo kultur etxean (euskaraz).
Martxoak 12, 9:15ean, Intxaurrondo kultur etxean (gazteleraz).
Supermerkatu bateko zozketan, Dominikar Errepublikara joateko lau pertsonarentzako bidaia bat irabazi du Aitziberrek. Hala, Olatz bikotekidea ez ezik, Ilargi (bikote harremana hautsi berri duena) eta Ekaitz (haren laguna) ere gonbidatu ditu. Festa eta hondartza egun artean, maitasunaz, sentimenduez eta harremanez gogoeta egingo dute lau gazteek David Caiñak idatzi eta Gorka Minguezek zuzendutako obran. Lorea Intxaustik, Nerea Elizaldek, Albar Zirardak eta Mikele Arizkorretak osatu dute aktore taldea.
Intxaustirekin eta Elizalderekin izandako solasaldiak oinarritzat hartuta idatzi zuen testua Caiñak, eta «gazteek gazteentzat» sortutako obra bat dela nabarmendu dute bi aktoreek. Edonola ere, gaineratu dute adin guztietan dela aberasgarria harremanez gogoeta egitea. Intxaustik nabarmendu du obrak ez dituela lezioak ematen, eta gogoeta eragin nahiko luketela ikusleengan. «Komedia bat da, arina, baina guretzat oso interesgarriak diren gaiak proposatzen ditu», gehitu du Elizaldek.
Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten lana, joan den astean, euskaraz lehenik eta gazteleraz ondoren; hala egingo dute Donostiako bi emanaldietan ere.
‘La sed del minotauro’
Khea Ziater
Martxoak 14, 9:30ean, Intxaurrondoko kultur etxean.
Khea Ziater konpainiaren zortzigarren «film eszenikoa» da La sed del minotauro; hala izendatzen ditu taldeak bere proposamenak, «kode eszenikoak eta zinematografikoak lotu» ohi dituztelako, Alex Gerediaga zuzendariaren hitzetan. Azaldu du obra berrian «komedia ukituak» ere badirela lehen aldiz, eta «drama dibertigarri» gisa definitu. Joan den hilean estreinatu zuten lana, Bilboko Arriagan, euskara eta gaztelera tartekatuta; dFerian gazteleraz erakutsiko dute.
«Taberna batean gertatzen da dena», aurreratu du zuzendariak. Bost pertsonaia batzen ditu istorioak taberna horretan, denak ere zoriontasunaren eta maitasunaren bila dabiltzanak. «Lehen maitasun bat, mingarriagoa, biziagoa» irudikatuko dute Jon Ander Urrestiren eta Ainhoa Artetxeren pertsonaiek. Leire Uchak eta Arrate Etxeberriak antzeztutako bikoteak, aldiz, «maitasun helduago, higatuago bat» agertuko du. Eta Txubio Fernandez de Jauregiren pertsonaia, berriz, obra barruan eta kanpoan egongo da aldi berean, «aingeru narratzaile» baten gisan. Gerediaga: «Desastre hutsa diren bost pertsonaia dira, baina publikoak maitatu egingo dituenak, bihotz handikoak direlako».
‘Shine’
Lasala
Martxoak 13, 11:00etan, Gazteszenan.
«Zertan sinetsi, gure XXI. mendeko hutsunea baretzen saiatzeko? Nola egin dezakegu distira, jada gure buruarengan sinisten ez badugu?». Halako galderei tiraka eraiki du Judith Argomanizen Lasala dantza konpainiak Shine ikuskizun berria. Viktoria Eugenian estreinatu ondotik, Gazteszenan erakutsiko dute orain taularatuko diren zortzi dantzariek.
Autoesklabotzaz, gorputzak objektu bihurtzeaz eta hedonismoarekiko adikzioaz gogoeta eginarazi nahi du obrak, Argomanizek azaldu duenez. «Pieza oso dinamikoa da, ironia handikoa».
‘Forever’
Kulunka Teatro
Martxoak 11, 20:30ean, Viktoria Eugenia antzokian.
Bere seigarren ekoizpenean, «maskararen lengoaiara itzuli» nahi izan du Kulunkak. Hala, maskaren bidez eta hitzik gabe, Forever obran familia baten istorioa kontatu dute, zeina «pixkanaka aldenduz doan egun batean amestu zuen familia eredutik», azaldu du Garbiñe Insausti aktoreak.
Egunerokoan oso presente dauden gaien inguruan hitz egiten du antzezlanak, Insaustiren hitzetan, hala nola elkarbizitza, heziketa, sexualitatea eta inkomunikazioa. Eszena guztiak plataforma birakari baten gainean gauzatzen direla gehitu du, zeinak kutsu zinematografiko handia ematen dion ikuskizunari. «Metafora bat ere bada, bizitzak ematen dituen bueltak adierazten dituelako». Insaustirekin batera, Edu Carcamo eta Jose Dault izango dira oholtzan; Iñaki Rikartek zuzendu du lana.
‘Née’
Cielo Raso
Martxoak 12, 11:00etan, Gazteszenan.
Hamar urtean lehen aldiz, bakarka taularatuko da Igor Calonge Née ordubeteko ikuskizunean. Ezusteko albiste baten berri izatean, etsi edo aurrera egin erabaki beharra; horixe izan zen obraren abiapuntua, dantzariak azaldu duenez. 2021ean hasi zen lantzen, eta iazko abenduan estreinatu zuen. Gizakiarekin, bakardadearekin, maitasunarekin nahiz bizitzan aurrera egin nahiarekin lotutako uneak irudikatzen ditu. «Lan honen berezitasun nagusia ez da gertakaria bera, baizik eta nondik eta nola kontatzen den. Azken batean, eskarmentua duen gorputz batetik narratzen da».
Oholtzan bakarrik egongo den arren, hainbat elementu eszeniko lagun izango dituela aurreratu du dantzariak. «Lan honen asmoa ez da egin dezakedana frogatzea, baizik eta 30 urtez egiten dihardudana erakustea».