Dokumentuaren akzioak
Euskal Herritik zehar irudizko bidaia bat egingo dute Alkartasunako dantzariek zapatuan
Urteko hitzordurik garrantzitsuenetako bat iritsi zaie Alkartasuna Dantza Taldeko dantzari nagusiei. Zapaturako [uztailak 8] antolatu dute urteko ekitaldia; 21:00etan izango da Artza frontoian.
Bazatoz? izena jarri diote aurtengo ekitaldiari. Izan ere, Euskal Herritik zehar bidaia bat egiteko aukera eskainiko dutela adierazi dute. Arabako dantzekin hasiko dira, Nafarroakoekin jarraituko dute eta Bizkaia eta Gipuzkoakoekin amaituko dute. Urteko ekitaldiak “bereziak” izan daitezen saiatzen dira Alkartasuna Dantza Taldekoak, ideia desberdinak taularatuz. Aurten, bidaiatzea tokatzen zaie. Hala, dantzak erakusteaz gain, dantza bakoitzaren testuingurua ere erakustea dute asmo. Hau da, dantza zein den azaldu, zein egunetan egiten den eta zergatik… azalpen horiek guztiak irudien bitartez emango dituzte, bideo desberdinak jarrita.
Ikasturte osoan zapaturo entseguetan landutakoa erakusteko sasoia da uda: “San Joan bezperako Goiko Plazoko ekitaldian parte hartu genuen, orain dela gutxi Logroñon ere egon ginen, eta orain zapatukoa daukagu buruan, bata bestearen atzetik datoz ekitaldiak”.
Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariekin bidaiatu gura duten horiek guztiek zapatuan hitzordu garrantzitsua daukate, eta “mereziko” duela diote, “herritik mugitu barik ere bidaiatu egin daitekeelako”. Besteak beste, Lesakako Sanferminetatik bueltatxo bat emango dute, eta Arabako Errioxan ere geldialdia egingo dute.
Dokumentuaren akzioak