Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko txistulari guztiak bilduko dira Arraten datorren larunbatean
Datorren astean, irailaren 30ean Euskal Herri osoko txistulariak elkartuko dira Eibarren, ezohiko batzarra egin eta 1927an Arraten sortutako elkarte horren estatutuak berritzeko. Egun osoko festa izango da, bi kontzertuk eta erromeriak lagunduta.
Txistularien artean ohikoa den moduan, diana joz hasiko dute eguna. Euskal Herri osoko txistulariak daude deituta, goizeko 09:00etan Untzaga plazan elkartu eta kalejiran abiatzeko. Ondoren, 10:00etan, ezohiko batzar orokorra egingo dute Coliseo antzokian, elkartearen estatutuak berritzeko, eta bilera bukatuta, 11:00etan, Arratera igoko dira.
Arraten hamaiketakoa egin ondoren, 12:15ean meza izango da, txistularien patroiaren santutegian, eta hura bukatuta, 13:15ean txistularien esku dantza egingo da zelaian. Segidan, 13:30ean, kontzertua emango dute bertan bildutako txistulari guztiek, eta 14:30ean bazkaltzeko elkartuko dira Kantabria jatetxean.
Eguna biribiltzeko, arratsaldeko 18:00etan umorezko kontzertua emango du Arrateko elizan Donostiako udalaren txistulari taldeak, eta 18:45etik aurrera erromeria izango da.
Ospakizun berezi honetan, herritar guztiak gonbidatu ditu elkarteak, txistulariekin bat egin eta jai-girora biltzeko.
Dokumentuaren akzioak