Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko makina bat konpainia, Umore Azokan
Gaur berton aurkeztu dituzte Bilbon, maiatzaren 19tik 22ra, Leioako Umore azokan parte hartuko duten euskal antzerki taldeak. Horretarako antolatu den prentsaurrekoan, Leioako XVII. Umore Azokako Ana Lopez zuzendari artistikoak eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordeak parte hartu dute.
Egun horietan guztietan 125 emanaldi baino gehiago programatu dira eta 50 konpainia bertaratuko dira, eta horietarik 18 euskal konpainiek hartuko dute parte XVII. Umore Azokan 11 estreinaldi eskaintzeko, izan ere, eta gaurko prentsaurrekoan Joxean Munoz Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordeak adierazi duen bezala, “Euskal konpainiak funtsezkoak dira Umore Azokarentzat, eta Umore Azoka funtsezkoa da euskal konpainientzat. Oso lotura estua dute”. Horrexegatik, jaialdiaren lehen bi egunetan, maiatzaren 19 eta 20an eskainiko dituzte euskal taldeek estreinaldirik gehienak. Aipatu behar da euskal antzerki talde gazte askorentzat eta Leioako taldeentzat ere, lehen plaza izango dela honako hau, eta plaza hori partekatuko dutela ibilbide eta eskarmentu handiko hainbat talderekin; “euskal antzerkiaren panorama aberatsa den seinale” adierazi du Muñozek.
Ana Lopez zuzendari artistikoak Leioan euren obrak egingo dituzten taldeak aipatu ditu: Ana Capilla & Julia Farber, Bapatean, Laura Cobo konpainia, Deabru Beltzak, Laglo ZikDantza & Compañía, Larrua, Plataforma Tirante Teatro y Danza, Philo&Jole, Sainete konpainia, Suhar prest, Trapu Zaharra, Zanguango Teatro, Tio Teronen semeak, Organik Dantza Antzerkia, Nui Danza, Matxalen Bilbao eta Malas Compañías taldeak. Gainontzeko parte hartzaileen artean 19 estatukoak dira (Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madril eta Valentzia). Azpimarratzekoa da Kataluniaren partaidetza nabarmena. Nazioarteko 12 konpainia ere izango dira (Frantzia, Erresuma Batua, Brasil, Kolonbia eta Japonia) bertan.
“Umore Azoka jaialdia da, festa da, eta azoka da” esan du Ana Lopezek. Hortaz, topaleku handi honetan 200 profesional (programatzaileak, azoketako zuzendariak, aholkulariak, produktoreak, banatzaileak…) elkartuko dira eszenari arreta berezia eskaintzeko prest.
Informazio guztia, jaialdiaren webgunean duzue.
Dokumentuaren akzioak