Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko Inauteria, Tolosan

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko Inauteria, Tolosan

Egilea
Marta San Sebastian
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2020/02/12
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Aitor Arroyo

Gurean ere indioz, bakeroz edo mexikarrez mozorro-tzeko joera handia dagoen arren, Euskal Herrian eta Tolosaldean tradizio handia du Inauteriak. Ikusi besterik ez daude Lizartzako Inauterietako Dantzak, Abaltzisketako Txantxo Dantzak edo Amezketako Talai Dantzak. Tolosako Udaberri Dantza Taldeak erroetara itzuli nahi du aurten eta Euskal Herriko Inauterietako pertsonaia eta dantza ezagunenak taularatuko ditu ostiralean, Kalderero egunaren bezperan. Gaur Txantxo naiz izeneko emanaldi berezia Zerkausian izango da, 20.30etik aurrera, eta doakoa izango da herritarrentzat.

Inauteriak, Europa eta Amerikan egiten dira batik bat. Inauteri garaiarekin batera, negu mugan hasi eta udaberrira bitartean jendea mozorrotu egiten da desfileak eginez edota besterik gabe jai-giroan murgilduz. "Garai bateko europar inauteri zaharrean jendeak bere identitatea ezkutatzen zuen maskaren eta mozorroen bidez, ordena iraultzeko burutzen diren ekintzak anonimatuan utzi eta pertsonaren erabateko bihurketa lortzeko. Eta antzeko zerbait gerta-tzen da hemen ere, Tolosan, bi motatako Inauteriak nahasten baitira", aditzera eman dute Xanti Nazabal eta Idoia Ayestaran Udaberri Dantz Taldeko ordezkari eta emanaldiko batzordeko kideek. 

Tolosako dantza taldea izaki, Udaberrik bere arrastoa utzi nahi du Inauterietan ere, urtetan San Joan inguruan antolatzen duten dantzari txikiaz harago. Duela lau hilabete inguru hasi ziren buruari bueltak ematen: "Eragile aktiboa gara Tolosan, batez ere San Joan ospakizunean, festa erdigunean bizitzen dugulako. Udaberria eta uda oso beteak izaten ditugu, eta iruditzen zitzaigun neguan ere zerbait egin behar genuela. Entseguetako motibazioa sustatzeko zerbait egin nahi genuen, eta zergatik ez gure Inauterian? Horrela hasi ginen lanean", azaldu dute. 
Emanaldia 

Dantza, musika, antzerkia 

Eskualdeko eta Euskal Herriko dantzak 

Azken hilabete hauetan etengabe aritu dira tolosarrak lanean Euskal Herriko Inauterietako pertsonaia eta dantza ezagunenetakoak taula gainean aurkezteko. Horiez gain, kontuan hartu nahi izan dituzte, era berean, eskualdeko inauteriak eta bertako dantzak ere, Udaberriren helburuetako bat baita Euskal Herri osoko dantza ondarea gordetzea, eta ezin ahaztu, bada, Tolosa ingurukoak, are gutxiago Inauterien bueltan egiten direnak izanda. 

Horrela bada, tolosar askorentzat ezezagunak diren dantzez gozatzeko aukera izango da: besteak beste, Lizartzako Inauterietako Dantzak, Abaltzisketako Txantxo Dantzak eta Amezketako Talai Dantzak. 

Eskualdetik aterata, taula gainean eskainiko dituzte beste Inauteri koloretsu batzuk ere, hala nola, Lapurdiko Inauterietako zenbait dantza, Zuberoako Maskarada, Altsasuko Momotxorroen Dantza eta Lantzeko Inauterietako Baltsa eta Zortzikoa. Dantzen pausoei doinua jartzen, Udaberri Dantza Taldeko Fanfarrea ariko da, eta izango da bestelako kantu eta antzerkirik ere, Inauterietan falta ezin diren elementuak. 
Jantziteria berria bereziki sortu du ostiraleko emanaldirako. "Alde batetik, guk geure aldetik jantziak egin ditugu, horrela lan hori gure ondarerako izango da. Beste alde batetik, eskualdeko dantzak egiteko jantziak eta materialak Lizartzako Otsolar dantza taldeak, Abaltzisketako Udalak eta Amezketako taldeak utzi dizkigute. Eskerrak eman nahi dizkiegu emanaldi honetarako laguntza eskaintzeagatik", azaldu zuen Xanti Nazabalek. 
Orotara 50 parte-hartzaile izango dira oholtza gainean; dantzariak, musikariak eta antzezleak. Katiuska taldeako antzerkigileak, Ander Malbadi eta Idoia Bengoetxeak parte hartuko dute. "Dantzariak denak Udaberrikoak gara, baina aurreko belaunaldiei laguntza eskatu diegu, izan ere dantza asko dira eta parte hartzaile asko behar ditugu", azaldu zuten.

Dokumentuaren akzioak