Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko III. Aurresku Txapelketa Nagusia egingo dute larunbatean
Euskal Herriko III. Aurresku Txapelketa (gipuzkoar erara) antolatu dute hilaren 6rako, larunbatarekin. Itsas Etxea Auditoriumeko oholtzak hartuko du dantzarien arteko lehia, 18:30ean hasita. Soinu zaharra eta aurkez aurke edo desafioa modalitatean lehiatuko dira partaideak.
Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak jakinarazi duenez, nahi duten guztiek parte har dezakete lehiaketan. Horretarako, baina, 15 urtez gorakoak eta udalerri baten ordezkari izan beharko dute lehiakideek. Udalerri bakoitzak ordezkari bat baino gehiago izan dezakeela ere argitu dute antolatzaileek. Biltzarkideez gain, Hondarribiko Udalak, eta Irungo Egoipar zein Ibarla-Meaka dantza taldeek parte hartu dute lehiaketaren antolaketan.
Sariei dagokienez, lehen irabazleak Patxi Epelde sari nagusia, eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren zein Hondarribiko Udalaren trofeoak eskuratuko ditu, baita txapela eta 400 euro ere. Bigarren garaileak, bere aldetik, trofeoa eta 300 euro, eta hirugarrenak, trofeoa eta 200 euro. Azkenik, laugarrenetik seigarrenera bitartean 100 euroko aitortza jasoko dute, eta lehen sei postuetatik at geratzen diren guztiek, berriz, 80 euroko dieta eskuratuko dute.
Biltzarkideek gogorarazi dutenez, 2017. urtera arte bi txapelketa egiten ziren: batetik, gipuzkoar aurreskua gizonei bideratua, eta bestetik, soinu zaharrena emakumeentzat. 2018an txapelketa bateratua egitea erabaki zuten eta orduantxe sortu zen Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusia (gipuzkoar erara).
Dokumentuaren akzioak