Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko gazteen lehendabiziko dantza topaketa, Asparrenan
Euskal Herriko gazteen lehendabiziko dantza topaketa ekainaren 30etik uztailaren 2ra ospatuko da Asparrenan (Araba). Bertan 15 eta 25 urte bitarteko gazteak dantza taldeetan gaur egun duten egitekoaz eta belaunaldien arteko errelebo falta geldiarazteaz ariko dira. Topaketan parte-hartzeko izen emate epea jada zabalik dago eta martxoaren 24a bitarte egongo da irekita. Izen-emateok gazteendantzatopaketa.eus atarian egin beharko dira.
Euskal Herriko Dantza taldeek egiturazko arazo batekin egin dute topo azken urteotan, taldeon etorkizun oparoa galaraziko duen errelebo eza, hain zuzen ere. Hala, egoera zail honi buelta ematea erronkatzat hartuta, Euskal Dantzarien Biltzarrak gazteen aldeko apustu galanta egin nahi du egitasmo honen bitartez, berauek batira egoera zail honi konponbidea eman behar diotenak.
Gazteak ahalduntzea du xedetzat ekimenak, gazteen nortasun sentimendua indartzea bilatuaz. Dantza topaketa honen bidez Euskal Herri osoko dantzari gazteek dantza tradizionalez gozatzea nahi dute, modu erabat ludikoan, dantzaldien egunerokotasunean ohikoa den zurruntasuna alde batera utziz. Hori dela medio, herrialde askotako dantzarien arteko hartu-emanak bultzatuko dira.
Topaketotan landuko diren jarduerak anitzak dira, hala nola, talde-dinamikak, dantza-taldeen eginkizunari buruzko hausnarketak, eta baita kalejirak ere. Topaketen inguruan xehetasun gehiago jakin nahi dutenek, hemen sakatuz kontsulta dezakete.
Euskal Dantzarien Biltzarra 1965ean jaio zen, Euskal Herriko dantza, musika eta ohiturei eutsi, eta hauexek berreskuratu eta sustatzeko ahaleginean. Diru irabazi asmorik gabeko elkarte soziokulturala da hauxe, euskal dantzak bultzatu eta babestea dituelarik egiteko nagusitzat.
Dokumentuaren akzioak