Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko ehunka dantzarik koloreztatu zituzten Hernaniko kaleak

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko ehunka dantzarik koloreztatu zituzten Hernaniko kaleak

Komunikabidea
Kronika
Tokia
Hernani
Mota
Albistea
Data
2024/05/06
Lotura
Kronika
Ikuskizun ederra eskaini zuten dantzari guztiek Gudarien plazan.

Goizean auzoz auzo ibili ziren dantzariak, eguerdian ekitaldi nagusia egin zuten Gudarien plazan, eta bazkalosteko erromeriarekin borobildu zuten eguna. Dantzari Astea bukatu bitartean jarduera ugari izango dira herrian.

Hernaniar gutxi geratuko ziren atzoko egunez dantzaririk ikusi gabe. Euskal Herriko 25 taldetik gora elkartu zituen Dantzari Egunak, kaleak, auzoak eta txokoak koloreztatzeko asmoz. Goizean zehar auzoz auzo kalejiran ibili ziren dantzariak; zerura begira pasatu zuten askok goiza, baina, zorionez, eguraldia lagun izan zuten ikuskizunak iraun bitartean.

Talde txikitan herri osoa zeharkatu ondoren, Gudarien plazan egin zuten urteroko ekitaldi nagusia. Fermina Billanueva, Maria Carmen Mateo, Mirentxu Egizabal, Elurtxo Etxeberria eta Juani Tejedor irrintzilariek egin zieten ongietorria dantzariei, eta Iker Ormazabl 'Tturko' eta Ekan Tolaretxipi bertsolariak arduratu ziren ekitaldiari hasiera txukuna emateaz.

Segituan hartu zuten lekukoa eguneko protagonistek. Musikari finenen laguntzaz, Agintari dantza, Agurra, Muxikoak, Mutildantzak, Fandangoa, Arin arina eta Larrain dantza dantzatu zituzten. Dantzarako ez ezik, emanaldia ikusteko jende ugari elkartu zen Gudarien plazan.

Lanak ondo beteta, deskantsurako eta festarako tartea hartu zuten dantzariek. Atsegindegin egin zuten bazkaria, eta erromeria izan zen arratsaldean.

Erakusketa, hitzaldia eta Dantzari Txikien irteera

XXVI. Dantzari Asteak jarraipena izango du aste honetan. Bihar Euskal Jantzien erakusketa zabalduko dute; ostegunean hitzaldia eskainiko du Ramon Garciak; eta larunbatean izango da Dantzari Txikien Eguna.

Dokumentuaren akzioak