Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko dantzari onenen bila

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko dantzari onenen bila

Euskal Herriko Dantza Txapelketa egingo dute bihar, Seguran. Hamabost bikote izango dira; horietatik bost Ipar Euskal Herrikoak dira aurten.
Egilea
Josune Zaradona
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2021/10/15
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Euskal Herriko dantzari onenen bila

Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko da bihar Segurako Baratze pilotalekuan. 45.a izango da aurtengoa, eta, guztira, hamabost bikotek hartuko dute parte. Ohi bezala, gipuzkoarrak dira bikote gehienak. Dantzari bizkaitar bakarra arituko da oholtza gainean, gipuzkoar batekin bikotea osatuta, eta ez da Nafarroako eta Arabako ordezkaririk izango. Aitzitik, Ipar Euskal Herriko bost bikotek eman dute izena aurten, Lapurdiko lauk eta Nafarroa Behereko batek.

1977. urtean egin zuten lehendabizikoz Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa Seguran, garai hartako alkate Guillermo Areizagaren ekinbidez. 1981etik aurrera Segurako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak txapelketa beti bertan egitea adostu zuten. Iosune Arrondo Segurako Udaleko Kultura eta Turismo teknikariaren esanetan, “une hunkigarriak” bizi izango ziren hasiera haietan, “garai zail hartan batez ere euskal kultura sustatzea baitzen helburu nagusia”. 45 urteren ondoren, “mailari eustea” da erronka nagusia, “dantzariek behar duten kalitatezko zerbitzua bermatzea, euskal dantzak sustatzen jarraitzea eta dantzariek egiten duten lan horren guztiaren erakusleiho izatea”, azpimarratu du teknikariak.

Baina, urteak joan eta urteak etorri, dantzariak dira txapelketako protagonista nagusiak. Aurten hamabost bikote arituko dira lehian. Bikote bakoitzak fandango eta arin-arin pieza bana dantzatuko du. Fandangoa Isilkari txistu taldearen txistuz edo Vanessa Ziaurritz, Oihana Irastorza eta Teresa Jareñoren musikaz eta albokaz lagunduta dantzatuko dute. Bikote bakoitzak libre izango du bata zein bestea aukeratzea. Arin-arina Estanga anai-arreben trikitiak musikatuko du.

Urtero zazpi lurraldeetako ordezkariak biltzen saiatzen diren arren, ez da beti lan erraza izaten. Arrondoren iritziz, dantza egiteko ohituraren araberakoa izaten da partaideen kopurua: “Nafarroan, adibidez, fandangoa eta arin-arina baino gehiago, jota dantzatzeko ohitura dago. Zaila da mota honetako txapelketetan bikote nafarrak izatea”. Aurten azpimarratzekoa da Ipar Euskal Herriko dantzarien kopurua: “Bikoteren bat edo beste beti izaten da, baina bost etortzea ez da ohikoena. Oso pozik gaude”, azpimarratu du Arrondok.

Teknikak azterketa pean

Bikote guztiek euren trebetasuna erakutsi beharko dute oholtza gainean. Epaimahaiak besoak eta hankak mugitzeko modua, bikotearen koordinazioa, erritmoa eta antzeko gaitasunak hartuko ditu aintzat, batez ere, baina Arrondok dioenez “mundu bat” dago dantza teknika baloratzearen atzean: “Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak erabakitzen du zer baloratu. Lanketa zorrotza egiten da aurretik, eta dantzariekin ere biltzen dira, egoki iruditzen ez zaizkien joerak zuzendu edo aldatzeko”.

Dantzariak eta dantza izango dira, zalantzarik gabe, biharko protagonista handiak, baina jantziei ere erreparatzen zaie txapelketan. “Euskal jantzi tradizionalari bere lekua ematea da helburua. Jantzien inguruan ikertzen dute dantzari askok, eta haien inguruko azalpen bat ere ematen dute. Polita da, ondarea jasotzeko beste modu bat da”, azpimarratu du udaleko ordezkariak. Saria ere ematen zaio jantzirik politenari.

Udalaren sari nagusia Nestor Basterretxearen eskultura lanek irudikatu zuten 2018ra arte. 2019tik aurrera, Aitor Ruiz de Egino eskultore hernaniarrak aluminio galdatuan egindako garaikurra izaten da saria. Sari nagusiaz gain, dantza jantzirik onenaren saria eta txapelketara lehenbizikoz aurkezten diren bikoteen artean ongien sailkatzen denari ematen zaion Guillermo Areizaga saria ere badaude, besteak beste. Iaz, Lezo ordezkatuz parte hartu zuten Katerin Artola eta Iker Belintxon izan ziren irabazleak. Txapelketa irabazi zuten lehen aldia izan zen haientzat. Bihar berriz izango dira Seguran, iazkoa errepikatzeko asmoz, ziurrenik.

‘GenEroa’, giroa berotzeko

18:00etan hasiko da txapelketa. Joan den astean osasun larrialdi egoera indargabetu eta gero, hasieran aurreikusiak zituztenak baino sarrera gehiago jarriko dituzte, azkenean, salgai: “Ahal dugun jende gehienari txapelketara etortzeko aukera ematen saiatuko gara”, esan du. Bertatik bertara ikusi ezin duenarentzat, ETB1en 22:00etatik aurrera eskainiko dute txapelketa, oso-osorik. Ordu berean Eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango da Segurako txapelketa, streaming bidez.

Hori bai, Seguran eguerdian hasiko dira giroa berotzen. Izan ere, Kimua Dantza Kolektiboak GenEroa ikuskizuna eskainiko du Segurako plazan, 12:30ean hasita. Eguraldi txarra eginez gero, eskolako patio estalian egitea aurreikusi dute antolatzaileek. Txapelketaren atsedenaldian hamabi minutuko laburpena ere eskainiko dute.

Dokumentuaren akzioak