Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 41. edizioa, larunbatean Seguran

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 41. edizioa, larunbatean Seguran

Gipuzkoa, Araba eta Lapurdiko hamahiru bikote arituko dira nor baino nor gehiago. Atsedenaldian Tio Teronen Semeak taldeak hartuko du parte
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Albistea
Data
2017/10/18
Lotura
Diario Vasco

Datorren larunbatean, urriak 21, jokatuko da Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 41. edizioa. Hamahiru bikote, Gipuzkoatik hamar, Arabatik bi eta Iparraldetik bat, nor baino nor gehiago arituko dira Baratze pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan. ETB1k eta eitb.eus-ek jaialdia 22:00etan eskainiko dute Izaro Iraetak eta Imanol Artolak aurkeztuta.

Asteazken honetan egin da dantza txapelketaren aurkezpena. Bertan, honako hauek egon dira: Eñaut Telleria, Segurako alkatea; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko zuzendaria; Estibalitz Iturria, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkaria; Andoni Salas, ETBko programa berezien arduraduna, eta Aritz Salamanca, Tio Teronen Semeak taldeko kidea.

Hamahiru bikote ariko dira lehian Seguran. Gipuzkoatik datozen lau azpeitiarrak dira: Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga, Mikel Subinas eta Maite Beobide, Ekain Uzkudun eta Laura Bastida, eta Jon Ander Iriondo eta Maider Arrieta. Gipuzkoako beste ordezkariak, berriz, honako hauek dira: iazko txapeldunak diren Xabier Artola eta Idoia Besada iruratarrak, Errezildik datozen Gorka Kerejeta-Leire Eizmendi eta Julen eta Nagore Berrondo bikoteak, Villabonako Iker Sanz eta Ane Urruzola, Bergarako Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga, eta Getariako Irati Aranguren eta Leire Urresti. Gasteiztik etorriko dira Beñat Olano eta Amaia Uralde eta Gorka Etxeandia eta Sara Chaves, eta Urruñetik Pierre Latasa eta Miren Arbelbide.

Dantzariek zortzi bueltako fandangoa txistuz, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, eta arin-arina trikitiaz, Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin, dantzatuko dute.

Epaimahaia Euskal Dantzarien biltzarreko bost adituk osatuko dute: Arantxa Garin, Josu Ibarra, Antton Mendizabal, Nerea Vesga eta Ander Garitaonaindiak. Janzkera epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.

Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute txapelketa aurten ere. Juan Mari Sorazuk dantza adituaren laguntza ere izango dute eta Agustin Ezenarro kazetariak egingo ditu elkarrizketak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, halaber, Tio Teronen Semeak dantza taldearen emanaldia izango da. Euskal dantza tradizionala eta umorea uztartzen duen saioa eskainiko dute. Hainbat jatorri desberdineko dantzariak biltzen ditu taldeak, eta guztiek bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea.

Iaz bezala, Euskal Herriko Dantza Txapelketaren atariko, II Dantza Eguna izango da Seguran. Egun osoan zehar, herrian dantza egiteko aukera izango dute nahi duten guztiek. Orobat, aurten paisaiaren inguruan antolatu diren Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, bisita gidatuak izango dira larunbatean Seguran

Asteazken honetan egin da dantza txapelketaren aurkezpena.                     

Dokumentuaren akzioak