Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko Dantza Txapelketa, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en
Gaur (urriak 15) jokatuko den Euskal Herriko Dantza Txapelketak 40. edizioa beteko du aurten. Hamar bikote, Gipuzkoatik zortzi, eta Arabatik eta Iparraldetik bana, nor baino nor gehiago arituko dira Baratze pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan. ETB1k eta eitb.eus-ek jaialdia 21:00etan eskainiko dute.
Astearte honetan (urriak 11) egin da dantza txapelketaren aurkezpena Seguran. Bertan, honako hauek egon dira: Eñaut Telleria, Segurako alkatea; Estibalitz Iturria, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkaria; Lurdes Esnaola, Nestor Basterretxearen trofeoa eraman zuen lehen emakume irabazlea; Edu Muruamendiaraz, Nestor Basterretxearen trofeoaren irabazle izandakoa eta Aukeran taldearen zuzendaria; Andoni Salas, ETBko programa berezien arduraduna, eta Joxemari eta Naxario Telleria, txistulariak.
Hamar bikote ariko dira leihan Seguran. Gipuzkoatik datozen hiru azpeitiarrak dira: Gorka Kerejeta-Leire Eizmendi, Amets Amubieta-Larraitz Larrañaga eta Mikel Subinas-Maite Beobide. Gipuzkoako beste ordezkariak Ibai Jimenez-IratxeLizarburu (Ibarra), Iker Sanz-Ane Uruzola (Villabona), Xabier Artola-Idoia Besada (Irura), Julen Murgiondo-Saioa Galarraga (Bergara) eta Julen eta Nagore Berrondo (Errezil) dira. Gasteiztik etorriko dira Beñat Olano eta Paula Gonzalez, eta Urruñetik Pierre Latasa eta Ihintza Handi.
Dantzariek zortzi bueltako fandangoa txistuz, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, eta arin-arina trikitiaz, Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin, dantzatuko dute.
Epaimahaia Euskal Dantzarien biltzarreko bost adituk osatuko dute: Arantxa Garin, Nahikari Vizuete, Josu Ibarra, Jesus Mari Garate eta Rafa Salaberria. Janzkera epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.
Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute txapelketa. Epai-mahaiaren balorazioa ere bilduko dute emanaldian eta, horrez gain, parte hartuko duten dantzari bikoteen iritzi eta inpresioak jasoko dituzte ETB1eko saiorako. Agustin Ezenarro kazetariak egingo ditu elkarrizketak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, halaber, Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen Aukeran dantza taldearen emanaldia izango da.
Urtemuga berezia
40. urtemuga ospatzeko, gainera, urte hauetan guztietan parte hartu duten dantzari irabazleak gonbidatu dituzte eta beraietako asko etorriko dira. Halaber, 40 urtez parte hartu duten Naxario eta Joxemari Telleria txistularien azken urtea izango denez, omenaldia jasoko dute. Halaber, Mari Karmen Izeta Segurako Udaletxeko langilea omenduko dute, hasierako urte guztietan egin zuen lanarengatik. Bidelagun garrantzitsu asko izan ditu Seguran jokatzen den Euskal Herriko Dantza Txapelketak, hala nola, Miguel Telleria, Guillermo Areizaga, Nestor Basterretxea, Axen Egaña... Zeharka edo zuzenean parte hartu duten guztien lana eskertuko dute.
Dokumentuaren akzioak