Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute
Urriaren 22an jokatuko da Segurako Baratze pilotalekuan 46. Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa. Euskal Herriko dantza-bikoteek hartuko dute parte bertan, eta arin-arina eta fandangoa dantzatu beharko dute.
Ezinbestekoa izango da bikote bakoitzeko kide batek, behintzat, 16 urte beteta izatea. Fandangoa txistuz ala albokaz dantzatzeko aukera izango dute bikoteek, eta arin-arina, aldiz, trikitiaz soilik. Dantzariek euskal tradiziozko jantzia eramango dute soinean.
Bertan parte hartu nahi duten bikoteek aldez aurretik eman behar dute izena, formularioa beteta. Izena emateko epea irailaren 29ko eguerdiko ordu bietan amaituko da.
Hiru sari nagusi izango dira txapelketan. Lehen postua lortzen duen bikoteak Aitor Ruiz De Eginoren eskultura, txapela eta lepokoa, 800 euro eta oroigarria, eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Batzarrak emandako trofeoa jasoko ditu. Bigarren bikoteak 600 euro eta oroigarria izango ditu eta hirugarrenak, berriz, 500 euro eta oroigarria. Dena den, sari gehiago ere izango dira: lehen aldiz aurkezten diren bikoteen artean ongien sailkatu denari; jantzi onenari 150 euroko saria; herriko bikote onenari oroigarria; lurraldeetako bikote onenei; lehen hiru postuetan sartu ez direnentzat 200 euroko dieta; eta bikote askok izena emateagatik kanporaketarik izango balitz, finalerako sailkatu ez diren bikoteentzat 100 euroko dieta.
Egun betea
Dantza Sueltoko txapelketaz gain, bosgarren Dantza Eguna ere ospatuko dute Seguran. Azpilla Dantza Taldeak parte hartuko du antolaketan, eta polka erraldoia egingo dute. Ondoren, Edu Murumendiarazek zuzenduriko Aukeran dantza konpainiak Hurrengo Geltokia ikuskizuna eskainiko du. Txapelketaz aurrez aurre gozatzeko sarrerak www.segura.eus webgunean jarriko dira salgai urriaren 1etik aurrera.
Dokumentuaren akzioak