Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko dantza-sorkuntzari buruzko mugaz gaindiko aliantza abian eman dute

«Euskal artisten ekoizpena, hedapena eta nazioartekotzea frankofoniaren unibertsoan sustatzea du helburu» Etxepare Euskal Institutuak eta Malandain Ballet Biarritz Frantziako Koreografia Zentroak sustatuko duten lankidetza-esparru berria.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza eta Biarritzeko Koreografia Zentroko zuzendari albokoa den Yves Kordiane, horren ondotik, euskal dantzak mintzaira frantseseko lurraldeetara hedatzeko beharrezko diren baliabide eta egiturez mintzatu ziren atzo bururatu zen Maitaldia festibala kari.
Bi kultur egiturek aurkezturiko aliantzak Euskal Herriko dantzaren zerbitzura bideratutako baliabideak lerrokatu eta mugaren bi aldeetara ekosistema bateratu batean sakontzen du. Elkarlan horren bitartez, «euskal dantza-sorkuntza frankofoniaren luze-zabalean proiektatzeko giltzarri bilakatzen da Biarritz, eta sektorean jada duen erreferentzialtasuna indartzen».
Topaketan agerian geratu zenez, Frantziako Koreografia Zentroa Ipar Euskal Herrian kokatuta egoteak aukera paregabeak eskaintzen dizkie sortzaile eta dantza-konpainiei, «euskal sistemarentzat frankofoniaren unibertsorako sarbide natural baita».
Euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren eremuan indartzeko asmo xede duen ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren baitan Euskal Herriko dantza-topaketa bat antolatu da. Ekimen horren ildotik, euskal kulturaren presentzia indartu eta sustatzeko sinatu zuten iragan ekainaren 20an Etxepare Euskal Institutuak eta Frantziako Koreografia Zentro Malandain Ballet Biarritzek.
Bi erakundeen arteko lankidetzari esker, Euskal Herriko dantza-konpainien erakusleiho egonkor bilakatuko da Maitaldia. Aurten, zortzi euskal konpainia aritu dira irailaren 5etik 15era iragan den dantza jaialdian.
Dokumentuaren akzioak