Apirilaren 29an, astelehena, Dantzaren Nazioarteko Eguna izango da, eta, hori dela-eta, ADDEk, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak, BILBAOESZENAren laguntzarekin, prestakuntza-jardunaldiak antolatu ditu. Saioak Kulturgestek emango ditu, eta apirilaren 29an eta 30ean (astelehena eta asteartea) izango dira aurrez aurre Bilboko Burtsaren eraikineko Ganbara espazioan.

Jardunaldi horien helburua da profesionalei beren jardueraren inguruko lan-kontuei buruzko informazioa eskaintzea; hala nola, EAEko Arte Eszenikoen sektoreko Hitzarmen Kolektiboa, 2023an sinatua, artistentzako forma juridikoak eta lan-kontratuak, edo Gizarte Segurantzarekin, Ogasunarekin eta fakturazioekin loturiko bestelako gaiak. Esteka honetan, saioen inguruko programa osoa eskura dezakezu.

Interesatuek apirilaren 21era (igandea) bitarte eman dezakete izena. Halaber, bide bera erabil dezakete saioetan landuko diren gaiei buruzko kontsultak eta zalantzak argitzeko, eta hori apirilaren 21a baino lehen egin behar dute.

ADDEko bazkideek doan eman dezakete izena, baina bazkideak ez direnek 12 euro ordaindu beharko dute egun bateko saioarengatik eta 20 euro bi egunekoarengatik.

EUSKAL HERRIKO DANTZA PROFESIONALEN ELKARTEA

2003an sortu zen ekimena, eta sektorearen barne-kohesioaren alde eta profesionalen lan-baldintzak hobetzearen alde lan egiten du. Era horretan, dantzari eragiten dioten politika publikoetan esku hartzen du, maila kulturalean, prestakuntza-mailan eta maila laboralean. Era berean, ADDEk dantza herritarren artean hedatzeko eta zabaltzeko egiten du lan, dantza ezagutzea eta praktikatzea sustatzearekin batera, adierazpen artistiko gisa nahiz prestakuntza eta alderdi ludiko gisa ere.