"Aurtengo ekitaldia Euskal Herriko inauterien inguruan egingo dugu". Iraia Aspuru Aiara Dantza taldeko kidearen hitzak dira, emanaldia iragarri berritan. Otsailaren 27an izango da hitzordua Amurrio Antzokian, eta bi saio aurreikusi dituzte: 16:30ean eta 19:30ean. Sarrerak hilaren 16an jarriko dira salgai amurrioantzokia.eus webgunean 5 euroren truke, baina antzokiko bazkideek egun bat lehenago izango dute erosteko aukera (otsailaren 15etik aurrera).
COVID-19ak baldintzatuta
Beste eragile askori bezala, ikasturtea baldintzatu dio koronabirusak eragindako pandemiak Aiara Dantza Taldeari. Iaz, apenas egin zuten ekitaldirik, eta aurten ere jarduna nabarmen baldintzatu die. Dantzaldian 14 urtetik gorakoek soilik hartuko dugu parte, Eskola Kirolaren adin tartean dauden gazteek ezin izan baitute entseatu. "Horretarako lau taldetan banatu gara hasieratik, eta seinaka prestatu ditugu koreografiak", zehaztu du Iraia Aspuruk, "distantziak eta osasun neurriak errespetatuta multzo eta gune ezberdinetan 12 lagun batu gara horrela".
Ikuskizun koloretsua
Ikuskizun koloretsua izango doa, dantzariaren esanetan: "Saiatu gara ahalik eta errazen egiten. Oso koloretsua izango da, Euskal Herriko mozorroak aterako dira". Ezin izan dute, ordea, nahi gisa prestatu: "Pandemiak ez digunez entseatzen utzi, gehienak aurretik gure errepertorioan zeuden dantzak dira, batzuk bakarrik ikasi behar izan ditugu zerotik".
"Aratusteak" izango du izena ikuskizunak, eta irrikaz daude aurkezteko: "Nahiz eta dantzari ezberdinak ikusi oholtzan, dantzarien arteko talde burbuilak mantenduko ditugu denbora guztian, ez gara momenturen batean ere gurutzatzen".
Aiara Dantza Taldeak urtero egiten du emanaldi bereziren bat Amurrio Antzokian. 2019an "Nahas jolas" plazaratu zuten, eta urtebete beranduago "Nahas jolas II":