Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko 41. Dantza Txapelketa larunbatean jokatuko da, Seguran
Guztira 13 bikote ariko dira lehian
Asteazken honetan egin da dantza txapelketaren aurkezpena. Bertan egon dira Eñaut Telleria Segurako alkatea, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko zuzendaria eta Estibalitz Iturria Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkaria, besteak beste.
Zortzi bueltako fandangoa txistuz (Isilkara txistulari taldearen musikarekin) eta arin-arina trikitiaz (Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin) dantzatu beharko dituzte dantzariek.
Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute: Arantxa Garin, Josu Ibarra, Antton Mendizabal, Nerea Vesga eta Ander Garitaonaindiak. Janzkera epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.
Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute txapelketa aurten ere. Juan Mari Sorazuk dantza adituaren laguntza izango dute. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, Tio Teronen Semeak dantza taldearen emanaldia izango da.
Euskal dantza tradizionala eta umorea uztartzen duen saioa eskainiko dute. Hainbat jatorri desberdineko dantzariak biltzen ditu taldeak, eta guztiek bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea.
Iaz bezala, Euskal Herriko Dantza Txapelketaren atariko, II. Dantza Eguna izango da Seguran. Egun osoan zehar, herrian dantza egiteko aukera izango dute nahi duten guztiek. Orobat, aurten paisaiaren inguruan antolatu diren Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, bisita gidatuak izango dira larunbatean Seguran.
Danzas vascas. (Foto: A.O.)
Dokumentuaren akzioak