Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko 28. Dantza Sueltoko Txapelketa bihar jokatuko da Baratze pilotalekuan 18:00etan
Aurtengo San Joan Jaien atariko asteburuan, dantzak bereganatuko du protagonismoa, gaur gaueko Gaubela taldearen berbenarekin batera. Dantza Sueltoko XXVIII. Txapelketa honetarako 14 bikote aurkeztu dira eta, beraz, ez da kanporaketarekin egingo gaur eta dantzari denek dantzatuko dute biharko finalean. Iaz parte hartu zuten 22 bikoterekin alderatuta, partaidetza nabarmen jaitsi da, baina ez da lehenengo aldia hau gertatzen dena, txapelketak entrenamenduetan buru belarri murgiltzea suposatzen duelako parte hartzaileentzat eta dantzarien partaidetzek gorabehera handiak izaten dituzte.
Bi dantza
Beti bezala, bi ariketa dantzatu beharko dituzte bikoteek, fandangoa txistuz eta arin-arina trikitixaz.
Albokaz dantzatzeko aukera ere bazuten bikoteek, baina ez du inork aukeratu fandangoari erritmoa jartzeko. Hamalau bikotetatik, 12 gipuzkoarrak izango dira eta bi bizkaitarrak, eta dantzarien jarduna Euskal Dantzarien Biltzarrak ezartzen dituen arauen arabera erabakiko du epai mahaiak.
Lehiaketan Euskal Herriko dantza-jantzi tradizionalak eraman beharko dituzte soinean, jantzien ikusgarritasuna eta dotorezia areagotzeko helburuarekin, eta alor honetan ere izango dira sariak.
Dantza jaialdiaren beste erakargarritasun bat Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen Aukeran taldearen koreografia izaten da, eta dantza berri bat taularatuko dute bihar.
Dokumentuaren akzioak