Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriaren zati bat Necochean
Astebetean, Argentinako euskal diasporak topagune bat izango du, dantza, musika eta gastronomiaren inguruan
Aurten, berriro ere, Euskal Aste Nazionalaren inguruan
bilduko da Argentinan bizi diren euskaldunen elkartea. Aurten, Necochea
izango da topalekua; Buenos Airestik 504 kilometroa dagoen hiri bat da,
bainuetxez betea, eta hango Euzko Etxea euskal-argentinar etxeak
antolatu du euskal-argentinar familiaren 2011ko festa handia.
Aste
osoan, zuri-gorri-berdez jantziko da 94.000 bizilaguneko hiri hori, eta
Euskal Herriko herri bihurtuko. FEVA Euskal-Argentinar Erakundeen
Federazioan bildutako ia ehunka euskal etxeetatik joanda, mila lagunek
baino gehiagok hara bidaiatuko dute; batzuek mila kilometro baino
gehiago egingo dituzte, urtero ohi dutenez euskal musika, dantza,
gastronomia eta kulturaren inguruan biltzeko berriro ere. Horretaz
gainera, abagunea izango dute nork bere esperientziak azaltzeko eta
herrialde osoan euskal nortasuna zabaltzen eta aldezten lan egiteko
aurrerantzean ere.
Astelehenean hasi ziren jarduerak,
askotarikoak: euskal etxearen sarrerako haga biak inauguratzea,
ikurrinari eta Argentinako banderari eusten dietenak; Maria Julia
Ercorecari omenaldia egitea, oraindik orain zendu baita Argentinako
euskal dantzen eta kulturaren zabaltzaile nekaezina. Asteartean, euskal
zinemaren txanda izan zen. Bart, berriz, gastronomia izan da osagai
nagusia, eta Pilpillando Argentina saioa aurkeztu zuten; FEVA izan du
babesle, eta Itziar Aguirre sukaldari argentinarra buru. Saioak honako
helburu hau du: Euskal Herriko sukaldaritza ezagutaraztea eta hainbat
tokitako gabeziak kontuan hartzea, eskolak emango dituzten hirietan
parte hartzen dutenek galkorra ez den jaki bat eraman beharko baitute.
Gaur
gauean, Euskal Herriaren historiari buruzko hitzaldi bat egingo du
Cesar Arrondok; Aukeran dantza konpainiak, berriz, bere burua
ezagutaraziko du, Argentinara bidaiatu baitu horretarako, beren-beregi.
Jardunaldia amaitzeko, sagardotegi gau bat antolatu dute euskal etxean.
Bihar
hasiko dira iristen Necocheara herrialde osoko ordezkaritzak, baita
Txiletik, Uruguaitik eta Brasildik bildutakoak ere; besteak beste, hogei
gazte talde baino gehiago eta haien arteko dantzariak. Horiexek
girotuko dute festa, eta pozez eta kolorez jantziko.
Asteburuan, ekitaldi ugari
Euskaldunen
elkartea kalera irtengo da: herri kirolak izango dira Necocheako
hondartzan; euskal abesbatzen topaketa antolatu dute hiriko elizan; eta
Aukeran dantza taldeak Gernika ikuskizuna emango du hiriko antzoki batean. Eta, ohikoa denez, erromeria handi batek amaituko du gaualdia euskal etxean.
Larunbata
bileren eguna izango da, Argentinako euskal etxeetako ordezkariak
bilduko baititu FEVAk; liburuzainen, euskara irakasleen eta dantzari
taldeetako zuzendarien topaketak ere izango dira. Arratsaldean, ordea,
kalean zehar ibiliko da festa: euskal-argentinar danborrada izango da,
Juan Mari Abadek eta Gaztelubideko hainbat partaidek gidaturik; gero,
kalejira handi bat egingo dute, euskal etxetik antzokira bitartean;
antzokian, Maria Julia Ercoreca izeneko jaialdi artistikoa izango da
gauean, eta gala jantzirik apainenaz arituko dira dantzari taldeak.
Igandea
agurrerako eguna izango da. Erromeria handi bat egingo da, eta meza;
ondoren, 600 dantzari baino gehiago dantzatuko dira kale erdian, denak
batera, Necocheako plaza nagusiaren aurrez aurre. Eta, azkenik,
amaierako oturuntza, 1.500 pertsona baino gehiago bilduko dituena.
Aurtengo topaketak amaitzeko modu ezinago bikaina. Itxaropentsu agurtuko
dute elkar, 2012an berriro ere Rosarion bilduko direlakoan, Zazpirak
euskal etxeak hantxe antolatuko baitu datorren urtean Euskal Aste
Nazionala, abertzaletasunak hiri horretan 100 urtean iraun duela
gogorarazteko.
Duela hogeita hamar urte hasitakoaren ondoren
Necochean antolatu izan da Euskal Aste Nazionala, 1981z geroztik, bost urtetik behin gutxi gorabehera. Hala ere, aipamen berezia merezi du 1981ean egin zutenak, urrats nabarmena izan baitzen Argentinako erakundeen eta Eusko Jaurlaritzako harremanetan. Aldi hartan, hain zuzen, Euskadiko ordezkariek parte hartu zuten, Argentinako euskal diasporaren errealitatearekin harreman zuzena izateraino; harrituta, hunkituta eta, batez ere, bizikizun harekin konprometituta geratu ziren. Hortaz, bada, berebiziko garrantzia hartu zuen Euskal Herrian 1982rako antolatzen ari ziren Munduko Euskal Kongresuak; oraindik ere, zirrara biziz gogoratu ohi dute orduko partaideek.
Igandean, erromeria egingo dute, eta 600 bat dantzari bilduko dira Necochean. / IÑAKI ARAMAYO
Hego Ameriketako dantzariek parte hartuko dute jaialdian. / IÑAKI ARAMAYO
Dokumentuaren akzioak