Egun handia dugu gaur Zarautzen, Euskal Jai eguna, modu batean, nahiz eta eguraldi ona izan egun hauetan, udara agurtuko duen eguna. Disfrutatzeko eguna, batipat bertakoak garenontzat, nahiz kanpotik ere jende asko etorri.
Euskal Astearen baitan, aurreko egunetan hainbat txapelketa ospatu dira, eta horien berri eman nahi dizuegu gaurkoan. Honela, bikote dantza txapelketan, irabazleak Lezoko Iker Belintxon eta Maider Aginaga izan genituen. Beraiek jaso zituzten sari gisa 120 euroak, txapela, zapia eta trofeoa. Bigarren sailkatuak Bergarako Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga izan ziren eta hirugarrenak, Julen Berrondo eta Nagore Berrondo (Errezil). Jantzi hoberenaren saria Aimar Odriozola eta Izaro Urrestarazuk (Ibarra), eskuratu zuten, eta sari berezia Anaitz Lizartza eta Itziar Bastidari (Azpeitia) eman zitzaien.
Aurresku eta soinu zahar
Larunbat eguerdian XXVII. Aurresku Txapelketa ospatu zen eta bedera-tzi partaideren artean, epaimahaiak lehen saria Ibarrako Aimar Odriozolak merezi izan zuela erabaki zuen; bigarren saria Lezoko Iker Sanz-i eman zitzaion eta hirugarrena errenderiako Beñat Salegiri. VII. Soinu Zahar Txapelketari dagokionez, Oiartzungo Izar Etxeberriak eraman zuen lehen saria; bigarren saria Billabonako Ane Urruzolak eta hirugarrena Oiartzungo Izar Aizpuruk.
Larunbat arratsaldeko binakako dantza txapelketan, lehen saria (190 euro, txapela , zapia eta trofeoa), Xabier Artola eta Idoia Besadak eraman zuten (Irura eta Pasaiakoak); bigarren saria, Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxagak (Azpeitia); hirugarrena, Amets Amubieta eta Larraitz Larrañagak (Azpeitia), eta laugarrena, Ibai Jimenez eta Iratxe Lizarburuk (Zaldibia-Ibarra). Jantzi hoberenaren saria ere azken bikote honek jaso zuen.
Adierazi ere, bertsolari gazteen XXXIX. Lizardi Saria Asteasuko Haritz Mujikak jaso zuela; bigarren saria Zestoako Aitor Salegik eskuratu zuen eta bertso hoberenaren saria Hernaniko Oier Iurramendik. Gogoratu azkenik, trikitilari gazteen XXXV. Txapelketan Julen Alonso (Orio) eta Eneritz Aulestia (Zarautz) nagusitu zirela, bigarren saria Eneko Arbeo eta Mireia Ibabek (Azpeitia-Bergara) jaso zutelarik.