Dokumentuaren akzioak
Euskal Erromeriak dantzaz jantziko du Mutriku
Euskal Erromerira begira, gainera, urtero ikastaro berezia antolatzen dute, eta azken asteotan jo eta su ibili dira entsegatzen egun handirako. “Ikastaroan batu garenok kalera irtengo dugu zapatuan. Aurten berri-berriekin aritu gara, eta nahikoa jende etorri da, ohi baino gehiago. Gustura ibili gara ikastaroan, eta azkar ikasi dituzte dantzak”. Gure Ametsakoek aurreratu dutenez, zapatuan 80 bat dantzari batzeko esperantza dute kalerik kale, giro ezinhobean.
12:30ean hasiko da jaia Beheko Plazan, baina dantzariek taldeko lokalean ordu erdi arinago ipini dute hitzordua, azken prestaketa lanak egiteko.”Tarte horretan azken ikutuak ematen aritzen gara. Elkarri zapiak ipintzen edota amantalak ondo jartzen”.
Denak dotore ipini eta gero, Beheko Plazan herriko txistulariekin eta trikitilariekin batu, eta kalejiran dantzak tartekatzen joango dira Goiko Plazarantz: arin-arinak, fandangoak … Goiko Plazara heltzean, berriz, geldialdi txiki bat egin, eta saio berezia eskainiko dute: larrain dantza, zazpi jausiak, herri dantza edo ostalertza dantzatuko dituzte, besteak beste. Goiko Plazako saioa amaitu ondoren, Beheko Plazarantz abiatuko dira goizeko dantza saioari amaiera emateko.
Bazkal aurretik hainbeste dantzan egin eta gero, dantzariak Miruaitz frontoian batuko dira bazkaritan, indarrak hartzeko, eta bapo bazkaldu eta gero, erromeria egingo dute Beheko Plazan. Imuntzok eta Belokik girotuta, 21:00ak arte, gerriak astintzeko aukera egongo da.
Dokumentuaren akzioak